Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren filmak iragarri dituzte
72. Donostiako Zinemaldia irailaren 20etik 27ra izango da.
Argentinako, Txinako, AEBetako, Frantziako, Espainiako, Euskal Herriko, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hainbat zinemagilek euren filmak aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Datozen asteetan film gehiago iragarriko dituzte. Zuzendari Berriak saileko film onenak 50.000 euroko saria jasoko du.
Hauek dira gaur aurkeztu dituzten sei filmak:
- Gülizar / Gulizar, ezkondu aurretik sexu eraso bat jasaten duen emakume gazte bati buruzko filma da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea.
- Roschdy Zem eta Bella Kim dira Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho filmeko protagonistak; Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren lehen filma. Artista frantziar bat Koreara iristean bizitza astinduko zaion neska korear gazte baten istorioa kontatzen digu.
- Regretfully at Dawn, Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980) zinemagile thailandiarraren bigarren lana da eta, bertan, agure baten, neskato baten eta soldadu gazte baten patuak gurutzatzen dira.
- Brûle le sang / In the Name of Blood, Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) lehen lana da. Besteak beste, Nicolas Duvauchelle, Florent Hill-Chouaki eta Denis Lavant dira protagonistak, eta Nizan girotuta dago, non komunitate georgiarreko funtsezko pertsona bat erail duten.
- Yongkang Tang zinemagile txinatarrak (Taiyuan, 1983) Stars and the Moon lanarekin parte hartuko du sailean; zuzendariaren bigarren film luzean, mendi herri bateko haur batek egunak ematen ditu zerura begira, estralurtarrak ikusteko itxaropenez.
- Michael Tyburski (New York, 1984) Turn Me On bere bigarren filmarekin lehiatuko da. Zientzia-fikziozko komedia erromantiko hau pertsona guztiek egunero giza emozio oro desagerrarazteko pilula bat hartu behar duten new age komunitate batean gertatzen da.
Film horiekin batera, aurretik iragarritako beste lau film ere lehiatuko dira Zuzendari Berriak sailean: Anton Alvarezen (C. Tangana) La guitarra flamenca de Yerai Cortés, Sandra Romeroren Por donde pasa el silencio / Where the Silence Passes, Cecilia Atan eta Valeria Pivato zuzendarien La llegada del hijo / The Arrival of the Son, eta David Perez Sañudo bilbotarraren Azken erromantikoak.