Milioi bat euro inguruko luxuzko etxebizitzak izango ditu Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikinak
Urtea bukatu baino lehen hasiko dira Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikin berria eraikitzen. Iazko martxoan eraitsi zuten zaharra, nahiz eta beheko solairuko fatxada mantendu. Ordutik, hutsa eta hesituta dago. Gogora dezagun eraikin horretan zegoela Rekalde taberna, eta eraikuntza enpresa batek eraikina erostean utzi behar izan zuten. Horrela, 2018ko abenduaren 30ean itxi zuten taberna.
Viviendas Lanin SL enpresak iazko irailean jaso zuen eraikin berria eraikitzeko udal lizentzia. Milioi bat euro inguruko luxuzko etxebizitzak egingo dituzte, eta 2026rako prest egongo direla aurreratu du promotoreak.
Sei solairu
Aldamar kaleko eraikin berriak sei solairu izango ditu, eta horietako bi atikoak izango dira. Solairuko bakoitzeko bina etxebizitza izango ditu, eta laugarren solairura bitarte, hiru gelakoak izango dira. 95 eta 107 metro koadro bitarteko azalera izango dute, eta prezioa 798.000 eta 998.000 euro artekoa izango da. Lehen atikoan, berriz, logela bakarreko bi etxebizitza eraikiko dituzte. 55 eta 60 metro koadro arteko azalera izango dute, eta prezioa 630.000 eta 696.000 euro artekoa izango da.