Alice Gulick parke ondoko espaloiak berritzen hasi dira
Intxaurrondoko Alice Gulick parkearen inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi zituen udalak, asteartean. Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak jakitera eman duenez, bi hilabete iraungo dituzte lanek eta 65.000 eurokoa da aurrekontua.
Garciak zehaztu duenez, parkearen inguruko espaloietan izango dute eragina lanek: Zubiaurre pasealekua Luistarrak kalearekin elkartzen den bidean (ez du behar besteko zabalera, metro erdi pasatxo); eta etxebizitzen aldean dagoen espaloia, (eskailera zati asko ditu), hain zuzen ere. Gaur egun espaloi horien egoerak mugikortasun urriko pertsonak inguru horretatik igarotzea eragozten du.
Espaloien obra zehatza
Parkearen ondoan bi metroko espaloi bat eraikiko dute, oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat sortzeko. Hauxe da egingo dutena: tarte osoa bi metroko zabaleran zulatuko dute, zintarria jarri, zabaldu eta harrobiko materiala hamabost zentimetroko lodieran trinkotuko dute. Hormigoi armatuzko lauza bat egingo dute eta, horren gainean, hiriko baldosa hexagonal bereizgarria jarri.
Era berean, hormigoizko inposta baten gainean baranda bat jarriko dute parketik gertuen dagoen espaloiaren aldean, eta gune horretatik parkerako sarbidean dagoen eskaileraren mailak berrituko dituzte. Azkenik, galtzadaren zintarri ondoko areka berrituko dute, euri urak biltzeko.
Lorategi motako zintarria
Garciak azaldu duenez, Zubiaurre pasealekuak parkearekin bat egiten duen muga ondoko espaloian dagoen blokezko horma eraitsi egingo dute, eta, horren ordez, lorategi motako hormigoizko zintarri aurrefabrikatu bat jarriko dute.
Azkenik, oinezkoentzako pasabide bat margotuko dute espaloi berriaren amaieran, Los Luises kalearen ondoan. Horretarako, bide horren 31. zenbakiaren ondoan dagoen espaloia ere aldatu, zabaldu eta aglomeratuaren kotara jaitsiko dute, itsuentzako baldosa berezia izateko.
Alice Gulick parkearen irekiera Ekialdeko Barrutiak daraman proiektuetako bat da, baina udalak hartuko du bere gain, azkenean, obraren kostua.