Bost etxebizitza edo gehiago dituzten jabeei eragingo die neurriak
Etxebizitza merkatu tenkatuaren eremuaren izendapenaren prezioen mugaketak Donostiako etxebizitzen %3ri eragingo dio.
Donostiako Udalak hilabeteak daramatza lanean Eusko Jaurlaritzari alokairuaren eremu tenkatuaren izendapena eskatzeko beharrezkoa den dokumentazioa bidaltzeko. Horretarako, udal gobernuak hainbat bilera egin ditu Etxegintzarekin, udal taldeekin eta beste hainbat eragilerekin. Landuriko dokumentazioa aurkeztu eta ekarpenak egiteko aukera eman diete.
Hain zuzen ere, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak nabarmendu du dokumentu irekia dela. Helburua, berriz, alokairura zuzendutako etxebizitzen merkatuaren egoera hobetzeko diagnostikoa eta ekintza plana egitea da.
“Tentsio handiko eremuaren izendapenak, besteak beste, ekarriko du alokairuen prezioak igotzeari tope bat jartzea, gehiegizko igoerak saihesteko; alokairuen kontratuen luzapen gehigarriak ezartzea; etxebizitza askoren jabeen eta alokatuta egon ez diren etxebizitza berrien alokairuen kontratuen hasierako prezioa mugatzea; eta lurzoruaren mobilizazioa etxebizitza jardueratara bideratzeko, etxebizitza guztien %20 gizarte alokairura bideratzeko”, azaldu du Arzallusek.
3.000 etxebizitza
Etxebizitza merkatu tenkatuaren izendapenak alokairuaren kontratuen errenta mugatuko du. Are gehiago, mugatuko diren kontratuak etxebizitza askoren jabe diren pertsonek egiten dituzten kontratu berriak dira, baita aurretik alokatu ez diren jabe txikien etxebizitzen kontratu berriei ere.
Donostian etxebizitza askoren jabe diren pertsonen kopurua ez da oso handia. Kalkuluen arabera, 3.000 etxebizitza dira, beraz, neurriak hirian dauden etxebizitza guztien (95.000) %3ri bakarrik eragingo dio. Kontuan hartu behar da ere, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, hirian 9.349 etxebizitza bideratzen direla epe-luzeko alokairura.
“Donostia jabe txikiez osatutako hiria da, eta gehienbat jabeek etxebizitza horietan bizi dira. Dena den, litekeena da horietako askok bigarren etxebizitza bat izatea, hain zuzen ere, diru sarrerak edo pentsioa osatzeko alokairuan jartzen duten etxebizitza. Tenkatutako eremuaren izendapenak ez die jabe horiei eragingo, baizik eta bost edo etxebizitza gehiagoren jabe direnei soilik”, nabarmendu du Hirigintza zinegotziak.
Lau ardatz estrategiko
Udala lantzen ari den ekintza planak lau ardatz estrategiko ditu, eta alokairuaren merkatuaren egoera hobetzeko hainbat neurri jasotzen ditu: alokairu jasangarriaren sustapena, eraikinen parkearen eta hiri berroneratzearen gaineko jarduketak, alokairurako prestazio eta laguntzen sistema, eta erakundeen arteko koordinaziorako sistemak.
Alokairu jasangarria sustatzeko proposatu diren neurrien artean honakoak daude: babes publikoko etxebizitza parkea handitzea, alokairuan bereziki; etxebizitza hutsak erabileran jartzeko programak; edo alokairuaren merkatuan bitartekotza.
Eraikinen parkearen eta hiri berroneratzearen gaineko jarduketei buruz, udalak bere asmoa azaldu du eraikinen irisgarritasunaren hobetzea errazteko; etxebizitzen energia-eraginkortasuna hobetzeko, existitzen diren etxebizitzen zatiketa sustatzeko; lokalak etxebizitzetan bilakatzea sustatzeko; eta hiri berroneratzeko ekintzak bultzatzeko.
Alokairurako prestazio eta laguntzen sistemaren atalean, udalak gazteen emantzipaziorako laguntzak hobetzeko lan egingo du, eta azpimarra jarriko du egoera zaurgarrian dauden kolektibotan; eta alokairuen prezioen zein egoera zaurgarrian dauden kolektiboen kontrola egingo du.
Azkenik, erakundeen arteko koordinazioari buruz, udalak proposatu du, etxebizitza arloan aholkularitza integrala emateko zerbitzua eta erakundeen arteko koordinazio zerbitzua eta etxebizitza politiken parte hartzea sustatzea, eta ebaluazio eta jarraipen sistema ezartzea.