Galiziara itzuliko dira traineru donostiarrak
Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarraren bi ordezkariek Ribeirako eta Boiroko banderak jokatuko dituzte asteburuan.

Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiak Galiziako uretan izango dira, berriz ere –Coruñan eta Bueun abiatu zen arraun denboraldia—. Oraingoan, ordea, Ribeiran (bihar, 18:21ean) eta Boiron (etzi, 12:21ean) jokatuko dira estropadak.
Donostia Arraun Lagunak garaipenak pilatzen jarraitzeko asmoarekin ariko da. Jokatu diren sei banderetatik seiak astindu dituzte, eta agerian utzi inoizko sasoirik onenean daudela. Euskotren Ligako sailkapen nagusiko liderrak dira 48 punturekin. Donostiarra, berriz, hobera egiten ari da paladaz palada, eta sailkapenean laugarren tokian badaude ere —33 punturekin—, ohorezko postuetan ibili ziren pasa den asteburuan. Hori bai, lehia estua izango dute Oriorekin eta Tolosaldearekin denboraldi bukaera bitarte.
Eusko Label Ligan, Urdaibai da nagusi orain arte jokaturiko sei estropaden ondoren. Dena irabazi dute, bat izan ezik. Zierbenak aurrea hartu zien Bilboko banderan. Aldiz, Donostiarra lau onenekin aritzeko borroka betean dabil. Une honetan, sailkapen nagusiko bosgarren postuan daude —48 punturekin—, baina gora begira egoteko arrazoiak dituzte. Orio, Hondarribia eta Zierbena bera dira donostiarren arerio nagusiak, Urdaibairekin batera.