«Niretzat, bluesa da gustuko ditudan musikariei omenaldiak egitea»
Heltzear da Donostiako 59. Jazzaldia. Paul San Martin Beldarrain blues pianista donostiarra (Amara Berri, 1979) izango da gehien joko duen musikarietako bat, hiru talderekin joko baitu, hainbat aldiz.
Askotan jo izan duzu Jazzaldian, baina aurten inoiz baino kontzertu gehiago emango dituzu, ezta?
Bada, ziur aski, bai. The Fake Cousinsekin, adibidez, lau egunez jarraian joko dut Nauticoolen eta hori ez dut inoiz egin. Baina bueno, egia da Jazzaldiak beti egin izan didala tartetxoa, proiektu asko aurkeztu baititut: Romain Gratalon bateriarekin dudan bikotea, berarekin eta Abdel B.Bopekin dudan hirukotea, ni bakarrik jotzen ere aritu naiz, Stay Blues taldearekin ere askotan jo genuen… Hasieran, ez nuen oso argi Jazzaldiak bluesari lekua egingo ote zion, baina, egia esan, oso aukera onak eman dizkidate beti, nik proposatuta edo jaialdiak berak deituta.
Noa & The Hell Drinkersekin (hilaren 25ean, Txillida Lekun), Itziar Yaguerekin (24an, Tabakaleran) eta The Fake Cousinsekin (25etik 28ra, Nauticoolen) joko duzu Jazzaldian. Zer aurkituko dugu bakoitzean?
Blues musikaz hitz egiten duzunean, badirudi dena berdina izango dela, baina hiru proiektu horiek oso desberdinak dira euren artean. Itziar Yague asko lotu ohi dute Bessie Smithekin, berak asko maite duelako; gure inguruko bluesaren dama handia da Itziar [gasteiztarra da]. Orduan, ildo horretako errepertorioa joko dugu, blues klasikoa, jazz ukituekin eta Itziarrek berak idatzitako abesti batzuekin, besteak beste.
Noarekin, blues-rock kutsu handiagoko musika izango da; blues-rock gisa definitzen dute beraiek. Gonzalo Portugalen gitarrak protagonismo handia dauka, eta ni teklatu elektrikoekin eta Hammond organoarekin aritzen naiz.
Eta, The Fake Cousins blues kutsu handiagoko taldea gara, hainbat blues estilo nahastuz. Jon Aira gitarristak bere erreferenteetatik ekartzen dituen abesti gitarreroagoak —Guitar Slim, Clarence Gatemouth Brown, Jimmy Vaughan eta halako gitarristenak— eta niri gehien gustatzen zaizkidan abestiak jotzen ditugu: boogie-woogiea, Jerry Lee Lewisen abestiren bat, eta abar. Ragtime pixka bat ere jotzen dugu, funk pixka bat, New Orleanseko musika… Bluesaren historiaren errepaso moduko bat da. Esan ohi dut juke joint-etako estiloa birsortzen saiatzen garela: blues klasikoaren oinarria hor dago, baina jendeak dantza egiteko moduko doinuak ere jotzen ditugu.
Azkenaldian, kontzertu ugari ematen ari zara, ezta? Bereziki, Noa & The Hell Drinkersekin.
European Blues Challenge txapelketa irabazi genuenez, horren bultzada aprobetxatzen ari gara, eta etengabe ari gara jotzen, Europa osotik. Egia esan, izugarria izan zen txapelketa irabaztea, ez genuen espero.
Talde donostiar batek Europako blues txapelketa irabazi izana harro egoteko modukoa da.
Nik oso gaztetatik daramat bluesa jotzen eta denetik egin dut, taberna txikienean jotzetik leku handiagoetan jotzera, edo Olatu Talkan Bretxako merkataritza gunean jotzera. Horregatik, niretzat, aitortza bat izan da, zerbait sinbolikoa.
Aipaturiko hiru proiektuen artean, segur aski, The Fake Cousins da propioena, ezta?
Hiruretan nire ekarpena egiten dudala pentsatu nahi dut, baina, bai, esan daiteke The Fake Cousins dela propioena; nik aukeratzen dut errepertorioa, eta abar. Disko bat atera genuen iaz, eta dezente jotzen ari gara: Madrilgo La Coquette areto mitikoan egon ginen duela gutxi, esaterako. Oso pozik gaude, zeren, taldekideak izateaz gain, lagunak ere bagara.
Disko berriren bat prestatzen ari zara?
Bada, duela gutxi, Mecca estudiokoek deitu ninduten, proposatzeko ea nahi nuen abestiren bat grabatu, eta abuztuan pare bat abesti grabatuko ditut, bideoan eta audioan. 2013an Paul’s Mood diskoa grabatu nuen Meccan, eta txantxetan esan ohi dut ospea eman zidan diskoa dela, bakarlari gisa izen txiki bat eman zidalako.
«Zaila da orain Donostian jotzeko tokiak aurkitzea. Agian, tabernetara itzuli beharko gara»
Bakarlari gisa duzun proiektuan, The Broken Horns haize hirukotearekin EP bat argitaratu zenuen duela gutxi, eta zuk idatzitako abesti bat sartu zenuen. Ez duzu asko konposatzen, ordea.
Bai, ilusioa egin zidan. Beste musikari batzuek oso argi dute abesti propioak jo nahi dituztela, baina, niretzat, bluesa da gustuko ditudan musikariei omenaldi txikiak egitea, betiere, nire ukitu propioak emanez; hala ere, esaten didatenean musikari ezagun jakin baten antza duela nire musikak, laudorio gisa hartzen dut. Noizean behin, ordea, zerbait konposatzen dut, eta, halako batean, pare bat akorde atera zitzaizkidan eta letra jartzea erabaki nuen; ondoren, haize instrumentuentzako konponketak egin nizkion. Baina, bai, gutxi konposatzen dut; ez dudalako beste batzuek duten behar hori eta ez dudalako edozer gauza egin nahi, ezta ere.
Kontzertu asko ematen ari zara azkenaldian, baina Donostian gutxi. Altxerri itxi zutenetik zaila da jotzeko tokiak aurkitzea?
Oso zaila. Be Clubek antolatzen ditu blues kontzertuak, baina tarteka. Eta, Dabadabak kontzertu asko antolatzen ditu, baina, oro har, beste estilo batzuetakoak. Agian, tabernetara itzuli beharko gara. Nik uste dut aldaketa garai batean gaudela orain zentzu horretan hirian, eta ikusiko dugu zer gertatuko den.
Jazzaldira itzuliz, zure kontzertuez gain, zer beste kontzertu gomendatuko zenuke?
Pena handiz, ezin izango naiz joan, baina, zalantzarik gabe, Marisa Monterena gomendatuko nuke [hilaren 25ean, Kursaalean]. Izugarri gustuko dut musika brasildarra.