Marmitakoak haize-babesean jarrita prestatu dituzte
Groseko Zipotz jaietako marmitako txapelketa bertso doinuez lagunduta egin dute.
Elkarte eta kuadrillen arteko marmitako lehiaketa, klasikoetan klasikoena da Groseko Zipotz jaietan. Marruma elkarteak antolatzen du, eta hainbat dira parte hartzen duten auzotarrak. Aurten ere, askok ez dute hutsik egin. Hori bai, haizeak txapelketa zapuztu ez zezan, Katalunia plazako karparen barruan prestatu dute jaki estimatua.
Goizeko 11ak aldean hasi dituzte sukalde kontuak, eta 13:30era izan dute aukera marmitakoa behar bezala prestatzeko. Gainera, bertso doinuez lagunduta aritu dira. Aroa Arrizubieta, Nerea
Elustondo, Jon Martin eta Iñaki Apalategi bertsolariak aritu dira kantuan.
Ondoren, epaimahaiak banan-banan dastatu ditu aurkezturikoak, eta baita ebazpena eman ere. Hodei Arzakek eta Unai Gardek osaturiko bikoteak irabazi du, eta irribarre batekin jaso dute oroigarri preziatua.