Denona da hondartzara joateko nahia
Hiru hilabete irauten ditu Donostian udako denboraldiak; beste batzuentzat, ordea, hilabete eta erdi, besterik ez. Izan ere, horixe irauten du hiriko hondartzetan, desgaitasuna duten pertsonentzako egokitutako komunen denboraldiak, eta soilik astelehenetik ostiralera eskaintzen dute zerbitzua.
Iaz, hondartzara bakarrik joateko arriskua hartu zuen Sara Carracelas igerilari paralinpiar ohiak. Izugarri gustuko du hondartza, baina ezin du nahi bestetan hondarra zapaldu, bainu bat hartzeko. Lurrean etzatea lortu zuen, hala moduz, baina altxatzerako garaian izan zituen arazo gehien: “Ez dago irisgarritasunik”, azaldu du. “Gainditutako oztopo bat” izan zen hura berarentzat, baina arriskutsua, oso. Bideo batean gorde zuen berak izandako esperientzia, eta behean duzue ikusgai. Halaber, bere bizipena kontatu zuen hedabide honetan, joan den astean argitaratutako iritzi artikulu batean.
Bere egoera salatu nahi izan du Carracelasek: “Ez zait bidezkoa iruditzen desgaitasuna dugun pertsonok hilabete eta erdiz soilik disfrutatu ahal izatea hondartzaz, udako denboraldiak hiru hilabete irauten baditu”. Esan duenez, udako denboraldiak irauten duen denbora bera iraun beharko luke egokitutako komunena, inolako desberdintasunik ez egiteko, desgaitasuna duten eta ez duten hiritarren artean. “Konpontzen ez duten bitartean, erokeriak egingo ditugu, iaz nik egin nuen bezalakoa”.
Donostiatik kanpo, bai
Kontatu duenez, Cadizen (Andaluzia, Espainia) egon zen iazko udan, eta sorpresa handia eraman zuen, bertan irisgarritasun handiko hondartza bat aurkitu zuenean. “Ia itsasertzeraino zihoan pasabide bat zegoen, nik motorra aparkatzeko lekua ere bazuena. Eskorgak ere bazeuden, behar dugunoi ibiltzen lagunduko zigutenak”. Hondartzako langileak uretara hurbildu zuten Carracelas, aurki urlehortar batekin, zuk zeure kabuz aulkia hartzeko aukera ere eskaintzen zuten bitartean.
Hondartzara joateko oztopoak handiak dira Donostian, oraindik ere, desgaitasunen bat duten pertsonentzako, eta Carracelasek borrokan jarraituko du, egoera aldatzen den arte.