Nik ere hondartzara joan nahi dut!
Iritsi da eguraldi ona eta iritsi da, dagoeneko, hondartzara joateko unea. Izugarri gustuko dut hondartza… terapia da niretzat. Deskonexioa, D bitamina. Eguraldi ona, liburu hobe bat, musika pixka bat… ez dut ezer gehiago behar, zoriontsu izateko.
Baina, zein da arazoa, ordea?
Udan gaude jada. Eguraldia lagun dugu, eta, jende asko hasi da hondartzara joaten. Bitartean, ni, egokitutako komunen denboraldiaren zain nago, hondarra zapaldu ahal izateko, bainu bat hartu ahal izateko. Soilik, desgaitasun bat daukadalako.
Iaz, hondartzara bakarrik joateko arriskua hartu nuen. Aldaparen muturreraino gerturatu nintzen motorrarekin, hor aparkatu nuen, eta toalla luzatu nuen hondarrean, ahal izan nuen moduan. Arazorik handiena, ordea, altxatzeko unean eduki nuen; izan ere, ez dago irisgarritasunik. Pozik irten nintzen hondartzatik, gainditutako oztopo bat zelako niretzat, dagoeneko.
Ez zait bidezkoa iruditzen desgaitasuna dugun pertsonok hilabete eta erdiz soilik disfrutatu ahal izatea hondartzaz
Uste dut, hala ere, desgaitasunen bat dugun pertsonok ezin dugula horrela ibili. Ez dugu zertan egokitutako komunen denboraldiaren zain geratu, itsasoan bainu bat hartu ahal izateko.
Ez zait bidezkoa iruditzen desgaitasuna dugun pertsonok hilabete eta erdiz soilik disfrutatu ahal izatea hondartzaz, udako denboraldiak hiru hilabete irauten baditu. Eta, bitartean, erokeriak egingo ditugu, nik iaz egin nuenaren gisakoak.
Cadizen egon nintzen iaz, eta irisgarritasun handiko hondartza bat aurkitu nuen bertan. Ia itsasertzeraino zihoan pasabide bat zegoen, nik motorra aparkatzeko lekua ere bazuena. Eskorgak ere bazeuden, behar dugunoi ibiltzen lagunduko zigutenak.
Hondartzako langileek gerturatzen zintuzten uretara, aulki urlehortar batekin, edo aulki hori zuk zeuk hartzeko aukera eskaintzen zuten. Eta, etxera itzultzeko unea iristerakoan, zure ibilgailua aparkatuta zegoen lekuraino eramaten zintuzten, aulkian eserita.
Donostian, hilabete eta erdi irauten du, soilik, egokitutako komunen denboraldiak; udakoak, berriz, hiru. Hori gutxi balitz, astelehenetik ostiralera eskaintzen dute zerbitzua, eta ez asteburuetan, hondartzara joateko denbora gehiago daukagunean, akaso.
Honekin, eskatzen dut egokitutako komunen zerbitzua udako denboraldi osoan zehar eskaini dadila Donostian. Ez diezagutela hondartzara joateko oztoporik jarri.