Goiak positiboki baloratu ditu udako zirkulazio neurri berriak
Eneko Goia alkateak modu positiboan baloratu ditu hiriko trafikoa baretzeko hartutako neurrien orain arteko emaitzak. “Uda hau azken biak baino askoz lasaiagoa izaten ari da”, adierazi zuen atzo, Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan.
Trafikoa lasaiagoa izatea udalak hartutako neurriei esker ere badela uste du Goiak. Gogorarazi zuenez, iaz, data honetarako, sei aldiz moztu zuten Erdialdea, aparkaleku faltagatik. Aurten, ordea, ez da horrela izan momentuz: “Uda honetan pasa den larunbatean soilik moztu genuen, parkingak bete zirelako”.
Parkingei dagokienez, Goiak jakinarazi du hiriko lurpeko aparkalekuen tarifen igoera ez dela “erabat” ezarri. Neurri hori Kontxako aparkalekuan aplikatzen hasi dira, eta Okendo eta Bulebarreko aparkalekuetara hedatuko da. Horietan, udan %23ko igoera aplikatuko da.