John Lee Hooker blues musikari mitikoak Trinitate plazan jo zuenekoa, bideoan
John Lee Hooker musikaria, 1950eko edo 1960ko hamarkadan. Jazza eta bluesa anai-arrebak dira, eta, beraz, jazzaren eta bluesaren historiako musikari eta talde handienak Donostiako Jazzalditik pasatu dira jaialdiaren 59 urteko ibilbidean: Miles Davis, BB King, Muddy Waters, Weather Report, eta abar luze bat. Ordea, horietako asko etorri ziren garaiko argazki gutxi daude (edo bat ere ez), are gutxiago bideoak.
Euskadiko Filmategiak, aldiz, dokumentu historiko bat berreskuratu eta sare sozialetan zabaldu du: John Lee Hooker (Tutwiler, Mississippi, AEB, 1917-Los Altos, Kalifornia, AEB, 2001) blues gitarrista eta abeslari mitikoa Jazzaldian egon zeneko bideo bat. Zehazki, IV. Jazzaldiko bideo bat da, 1969. urtekoa —1976an, berriz jo zuen Jazzaldian—, eta estatubatuarra Parte Zaharreko Trinitate plazan jotzen ageri da; jarraian ikus dezakezue:
https://x.com/filmotecavasca/status/1816099978403631226
John Lee Hooker bluesman historiko bat izan zen, XX. mendean zehar disko asko eta asko argitaratu zituena; bere abestirik ezagunena 1962an argitaratutako Boom Boom da. Delta blues deritzon estiloa jotzen hasi zen 1940ko hamarkadaren bukaeran, akustikoan, eta 1960ko hamarkadan, blues britainiarraren arrakastarekin —besteak beste, gaur bertan hildako John Mayallek bultzatutakoa— doinu elektrikoagoetan murgildu zen, betiere, bluesari fidel izanik. Edozein blues zalerentzat, erreferentziazko musikari horietako bat da.

