Zein kontzertu izango dira gaur Jazzaldian?
Silvia Perez Cruzek eman zion hasiera atzo 59. Jazzaldiari, Kusaalean. Gaur, kontzertuz betea dago egitaraua, eta Donostiako hainbat txokotan izango da horiez gozatzeko aukera.
Goizean
Itziar Yagüe izango da 12:30ean Txikiyazzen programazioan, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plazan. Yagüe (ahotsa) Paul San Martinekin (pianoa), Raul Platzekin (baxua), Mikel Urretagoienarekin (bateria) batera arituko da oholtzan. Bluesak, soulak, R&Bk, tradjazzak, swingak eta gospelak osatzen dute ondo uztartutako talde honek defendatzen duen errepertorioa.
Ordu berean, Jazzeñe programazioaren barruan, Trinidad Jimenez eta Roberto Nieva 4tet entzuteko aukera izango da, Viktoria Eugenia antzokian. Trinidad Jimenez flamenkoa eta Jazza uztartzen diren eremuan mugitzera ohituta dagoen belaunaldi berri batekoa da, eta musika inprobisatuetan maiz aritua Madrilgo eszenan. Azken urteetan flauta baxua sartu du dantza, flamenko eta musika garaikideko hainbat proiektutan, eta nabarmentzekoa da Quartetazzon (flauten eta perkusioen ensemblean) egina duen ibilbidea. Roberto Nievari dagokionez, saxofonista, inprobisatzailea eta konpositorea da, Jazzaren figura nabarmena. Orain, bere bigarren albuma aurkezten dabil: Empirical Sound (2024).
Arratsaldean
Eguneko gainerako kontzertuak arratsaldetik aurrera izango dira. 18:30ean, Rufus Wainwright entzuteko aukera izango da, Kursaalen. Bere sorkuntzak oso landuak dira, eta, zenbaitetan, barrokoak nolabait. Horregatik egon da beti kultuaren eta herrikoiaren, konplexuaren eta errazaren, komertzialaren eta indiearen arteko erdibidean.
Nauticoolen Carolina Katunen kontzertua izango da, 19:30ean. Katun mexikar-suitzarraren ahotsa errepertorio berezi baten zerbitzura jartzen da, unibertso poetiko eta hunkigarria arakatu eta, aldi berean, konpromisoa eta errebindikazioa aldarrikatzen dituena. Jazzaren, Erdialdeko Amerikako folklore musikaren, musika barrokoaren eta musika inprobisatuaren arteko bidegurutzea da bere musika.
Ordu berean, Frigo gunean, Lakecia Benjaminen musikaz gozatzeko aukera izango da. Benjamin saxofonista, konpositore eta moldatzailea New Yorken jaioa eta bertan hezia da. Fiorello LaGuardia High School for the Performing Arts-en hasi zen saxofoian trebatzen. Ondoren, New Yorkeko New School University ospetsura joan zen, eta musikari gailenekin hasi zen jotzen, tartean Clark Terry eta Reggie Workmanekin. Hauek, era berean, ateak ireki zizkioten Rashied Ali, David Murray, Vanessa Rubin eta Anita Baker bezalako musikariekin lan egiteko.
Fnac gunean, 19:30ean, Marcin Masecki Trio arituko da. Marcin Masecki Poloniako musikari emankor eta ospetsuenetako bat da. Sari ugari irabazi ditu, teklatu instrumentuak interpretatzen ditu, abestu egin du, zinema eta antzerkirako konposatzen du, jaialdiak ekoizten ditu, orkestrak zuzentzen ditu, heziketa eman, grabatu eta musika ekitaldiak antolatzen ditu.
Keler gunean, Izaroren kontzertua izango da, 20:45ean. Garazi Esnaola (teklatua), Iker Lauroba (gitarra), Julen Barandiaran (baxua) eta Mattin Arbelaitz (bateria) taldekideekin igoko da oholtzara Mallabiko abeslaria. Izarok aurrekaririk gabeko arrakasta lortu zuen bere lehen lau diskoei esker; izan ere, milioika entzunaldi lortu zituen eta horrela nabarmendu eta bihurtu zen ospetsu. Iaz, Cerodenero diskoa argitaratu zuen, eta lan horretan, Izarok bitxi txikiak sortu ditu, maitasuna eta amorrua transmititzen duten abestiak, gure munduaz, oinazeaz, esposizio publikoaz eta egungo gizarteaz hitz egiten dutenak.
Gauean
22:15ean, Frigo gunean, Eddie Henderson & Steve Davis Quintet entzuteko aukera izango da. Musikari handiez osatutako boskote honek, Hard Boparen urrezko arora bidaiatzeko aukera eskaintzen dute; izan ere, kideen artean urte haietako musikaren benetako protagonistak daude. Mugimendu honek suposatu zuenaren isla dira, garaiko klasikoak eta hard bopper bat izan zen eta izaten jarraitzen duen Hendersonen konposizio propioak biltzen dituen errepertorioarekin.
Ordu berean, Fnac gunean, Bigyuki Band eta Tomoaki Baba izango dira. Bigyuki (pianoa, teklatuak, baxuen sintetizadorea), Randy Runyon (gitarra), Jharis Yokley (bateria) eta Tomoaki Baba (saxo tenorra) musikariek osatzen dute taldea, eta jazza, soula, hip-hopa, rocka eta elektronika uztartzen dituzte, soinu guztiz berea sortzeko.
Keler guneko bigarren kontzertua Larkin Poe izango da, 23:30ean. Rebecca eta Megan Lovell ahizpak Georgiako iparraldean jaio ziren, txiki-txikitatik musika klasikoa, biolina eta pianoa ikasten hasi ziren, bluegrassa deskubritu zuten arte; hala erabaki zuten amerikar sustrai musika dei genezakeen horri heltzea. Handik gutxira, 2004an, The Lovell Sisters talde akustikoa sortu zuten Jessica ahizparekin batera; bi disko argitaratu zituzten eta kontzertuak ematen aritu ziren, harik eta, 2009an, Jessicak musikan ez jardutea erabaki zuen arte. Orduan sortu zen, 2010aren hasieran, Lovell beste bi ahizpek, Rebeccak eta Meganek, osatutako Larkin Poe taldea. Izen honek haien heren herenaitonari omen egiten dio; izen bera zuen hark, eta Edgar Alan Poeren lehengusua zen.