Adimen Artifizialeko EHUko lehenengo promozioak bukatu ditu ikasketak
Atera dira dagoeneko EHUko Donostiako Informatika Fakultateko Adimen Artifizialeko graduko lehenengo graduatuak. “EHUren Informatika Fakultatea izan zen estatuan sorturiko lehen hiru fakultateetako bat, eta haren ikertaldeek 40 urtetik gora daramatzate lanean Adimen Artifizialaren (AA) alorrean. 2020an, berriz ere aitzindari izan zen Adimen Artifizialeko lehen gradua sortzen, eta orain ikasketak amaitu dituzte lehen 25 gradudunek, Adimen Artifiziala gizartearen hainbat eremutan garatzen lagunduko duten profesionalak izango direnak, zalantzarik gabe”, azaldu du unibertsitateak, ohar baten bidez.
Horrela, Alexander Mendiburu Alberro Informatika Fakultateko dekanoak azaldu duenez, graduaren helburua da profil profesional berriak prestatzea AAren arloan: “Profil horiek gai izango dira, AA teknikak hainbat testuingurutan aplikatzeko ez ezik, hurbilketa berriak identifikatu, diseinatu eta garatzeko ere, balio erantsia eta ezagutza berriak sortuz hainbat sektoretan; hala nola biomedikuntzan, industrian edo hezkuntzan”.
Ainhize Legarreta Garcia da 25 graduatuetako bat, eta EHUri azaldu dionez, aitak bultzatuta erabaki zuen gradua ikastea: “Nahiko ona naiz matematikan eta informatika ere asko interesatzen zait. Beraz, biak bateragarri egiteko, pentsatu nuen zer hobeagoa matematikako zein informatikako titulazio bat aukeratzea baino. Orduan, puri-purian zegoen Adimen Artifiziala, eta gradu hau aukera ona zen niretzat”. 19 ikaskide izan ditu ikasgelan, eta hori ona izan dela nabarmendu du: “Hain gutxi izanik, prestakuntza nahiko pertsonalizatua izan da, baina orduak eta ahalegina ere eskaini behar zaizkio, beste ikasketa batzuetan bezala. Oso gustura egon naiz. Ikastegia txikia da, denok ezagutzen dugu elkar, eta gure ikastaldea txikia izan da. Familian bezala egon gara”.
“Gradua hasi aurretik nituen aurreikuspen guztiak bete dira. Esan ziguten ez zitzaigula lanik faltatuko, eta hirugarren edo laugarren mailan enpresetan praktikak egiten edo lanean arituko ginela, eta hala izan da”, gaineratu du Legarretak.