Azora auzotik kanpora bidali nahi dute
Saretxe etxebizitza sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute Grosen.
Auzotarrek eta bizilagunek parte hartu dute, arazoa eurena izanik, auzoarena ere badelako. Saretxe etxebizitza sindikatuak manifestazioa egin du Gros auzoan zehar. Azorako bizilagunak borrokan! lelopean, elkartasuna adierazi diete etxegabetze arriskuan dauden auzotarrei, eta Azora putre funtsari auzoa uzteko eskatu diote.
Martxa bukatu ostean, adierazpen bat irakurri dute. Gaurko mobilizazioarekin, bidea hasi baino ez dela egin nabarmendu dute, eta badakitela zaila izango dela putre funtsarekin negoziaketa bat abiaraztea. Horrela ere, lasai daude. “Iraila hilabete garrantzitsua izango dugu. Ikasturte hasierak, Ramon Maria Lili kalean zazpi kaleratze ekarriko dizkigu, eta horri erantzuteko ere gaurdanik prestatzen hastea dagokigu”, gaineratu dute.
Groseko hainbat maizterrek, Saretxe etxebizitza sindikatuarekin elkarlanean, Azora putre funtsaren gehiegikeriak salatzeko agerraldia egin zuen uztaila hasieran. Orduan jakinarazi zuten bizilagunek elkarrekin aurre egingo diotela jabetza duen enpresari. Hau da, Inmobiliaria Vascongadari.