«Auditorioekiko beldurra hausteko esango nioke jendeari. Probatzeko»
Abuztuarekin batera hasiko da 85. Musika Hamabostaldia, eta musika klasikoaz disfrutatzeko aukera ugari egongo dira hirian hilabete osoan. Aurtengo berritasunak, emanaldi nabarmenak eta beste azaldu dizkigu Patrick Alfaya zuzendariak (Madril, 1971).
Ia 80 emanaldi antolatu dituzue Musika Hamabostaldirako. Zer aurkituko dugu aurten jaialdian?
Urteroko eredua jarraitu dugu, baina jaialdiaren oinarrietako bati garrantzi berezia eman diogu aurten: musika koralari. Izan ere, jaialdian ez ezik, Euskal Herrian ere garrantzi handia du musika koralak, eta horren erakusgarri dira inguruan ditugun abesbatza ugariak. Hain zuzen ere, beti saiatzen gara kanpotik datozen orkestrak eta inguruko abesbatzak kontzertuetan elkartzen. Izan ere, nazioarteko izarrak ekartzeaz gain, tokiko talentua ere sustatzen saiatzen gara.
Bestalde, jaialdi batek ekoizpen propioak egin behar dituela uste dugu, eta horren aldeko apustua egin dugu aurten Carmen operarekin; duela hogei bat urte egin zen azkenekoz Donostian. Eta ez da erraza, opera batek eskatzen dizulako 200 bat pertsona mobilizatzea. Aurten, gainera, exotismoa eta bidaiak hartu ditugu jaialdiaren ildo tematiko gisa, eta, beste emanaldi askoren artean, horrekin zerikusia du Carmen-ek. Izan ere, XIX. mendeko opera espainiar bat da, eta, garai hartan, Europako zati handi batentzat, Espainia zerbait exotikoa zen, hein handi batean.
Hala ere, esan behar da gero eta zailagoa dela halako emanaldiak antolatzea, hiriko hotelen prezioengatik. Izan ere, orkestra bat kontzertu bat ematera baldin badator, ez du zertan hirian bertan egin behar lo, Bilbon edo Gasteizen ere egin dezake lo, kontzerturako prest datorrelako. Aldiz, abesbatza batekin emanaldi berri bat prestatu behar badu, ordu asko beharko ditu, eta, beraz, hemen egin behar du lo; 22:00etan bukatzen badituzte entseguak, adibidez, ez dira ordu horietan Bilboraino joango. Eta, gainera, orkestra jendetsuak ekartzen ditugu askotan, eta, agian ehun logela behar ditugu aldi berean.
85 urteko historia du jaialdiak, erraz esaten da. Gaur egun, musika klasikoa hiriko hainbat txokotara eta hiritik kanpora eramaten du.
1939an jaio zen jaialdia, bai, eta inguruko jaialdi zaharrena edo zaharrenetarikoa da, zalantzarik gabe. Musika klasikoa Donostiara ekartzean fokua jarri duen jaialdi bat izan da beti, baina duela urte dezente, ni zuzendari izan aurretik, jaialdiko eskaintza hiritik kanpo eramateko apustua egiten hastea erabaki zen. Azken urteotan, bereziki Araban antolatu ditugu kontzertuak, eta beti Gasteiztik kanpo. Ez ditugu orkestra handiak eramaten, logistikoki zaila delako, baina organo zikloko emanaldi asko herrietan antolatzen ditugu.
«Gero eta zailagoa da emanaldi handiak antolatzea, hiriko hotelen prezioengatik»
Hainbat ziklo antolatu dituzue aurten ere. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Udako bizitza erritmorako, oso aproposa da hiritik kanpo egiten ditugun kontzertuetara joatea; izan ere, askotan, espazio bukolikoetan izaten dira emanaldiak. Bestalde, Txillida Lekuko emanaldiak ere gomendatuko nituzke, Txillida urtea delako 2024a, Shostakovitxen laukoteen omenezko zikloa bertan bukatuko dugulako eta dantza emanaldiak antolatu ditugulako aurten.
Arantzazuko kontzertuak ere oso bereziak izaten dira, Hamabostaldiko ohiko errepertoriotik kanpo dauden emanaldiak antolatzen ditugulako bertan. Aurten, esaterako, Abraham Cupeiro musikaria ikusi ahal izango dugu han. Tronpetista da berez, baina orkestretan ez jotzea erabaki zuen, eta antzinako zibilizazioetako instrumentuetan oinarrituta, bere instrumentu propioak eraikitzen ditu, horiekin jotzeko. Eta oso modu zientifikoan egiten du lan.
Organoa aipatu duzu lehen. Ematen du instrumentu ezohikoa dela, baina herri guztiek dute eliza bat eta eliza gehienek dute organo bat.
Gipuzkoan, gainera, XIX. mendeko Aristide Cavaille-Coll organo eraikitzailearen hainbat organo original daude oraindik. Mundu osoan, erreferentziazko organoak dira Cavaille-Collak eta ez dira hemen bezain beste kontserbatzen.
Haurrentzako eskaintza ere badaukazue, ezta?
Duela sei bat urte hasi ginen urtero haurrentzako eskaintzan ere ekoizpen propio bat sartzen, Viktoria Eugenia antzokian egiteko, eta ondo funtzionatu du azken urteotan. Askotan, haurrentzako emanaldiak helduek egiten dituzte, eta, gehienetan, ez du funtzionatzen. Horregatik, okurritu zitzaidan haurrentzako emanaldietako aktore gehienak haurrak izatea; hau da, haurrek beste haur batzuk ikustea oholtza gainean. Eta funtzionatzen du; eserlekuetan urduri ikusten dituzu haurrak ikuskizuna hasi aurretik, baina beste haur batzuk oholtza gainean ikusi bezain laster, arreta jartzen dute. Bestalde, aktore lanak ez ezik, ikuskizunaren ekoizpenean haurrei ere parte hartzeko aukera ematen diegu, materialen sorreran, adibidez, Emausekin eta beste elkarte batzuekin elkarlanean.
Jende askorentzat, ez da oso ohikoa musika klasikoko kontzertu batera joatea. Zer esango zenioke jende horri Hamabostaldira joatera animatzeko?
Alde batetik, oso kalitate handiko ikuskizunak eskaintzen ditugula. Horregatik, jendeari probatzeko esango nioke, askotariko emanaldiak daudelako, mundu guztiaren gustuetara egokitzeko. Gainera, gurearen antza duten beste jaialdi batzuekin alderatuta, Donostiako Musika Hamabostaldia ez da batere garestia: sarrera garestienak 70 euroko prezioa du, baina 11 eurorengatik ere badaude sarrerak, eta gazteek eta langabetuek 3 euroan ere erosi ditzakete. Musikaz disfrutatzeko, entzun egin behar dugu, eta, horregatik, jendeari gomendatuko nioke egitarauko emanaldiren bat hautatzeko, aurreko egunetan emanaldi horretako orkestra edo dena delakoa entzuteko (lanean, autoan, kaletik paseatzen…) eta auditorioekiko beldur hori hausteko. Probatzeko, alegia. Ziur aurkituko dutela gustuko duten zerbait.