«Esperientzia ahaztezina izan zen»
Olinpiar Jokoetan parte hartu eta domina bat irabazi duten donostiarrak ez dira asko. Are gutxiago urrezko domina bat irabazi dutenak. Horietako bat da Maider Telleria Goñi (Ulia, 1973). Espainiako selekzioaren belar hockey taldearekin lortu zuen, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan.
Urrezko domina irabazteak zer nolako garrantzia izan zuen zuretzat?
Egia esan, esperientzia ikaragarria izan zen. 1991n hautatu ninduten Espainiako selekzioarekin jokatzeko. Hau da, urtebete lehenago. Gogoan dut selekzioarekin bat egin nuenerako taldea egina zegoela. Olinpiar Jokoei begira, taldeak sinesten zuen dominen lehian aritzeko aukera izango genuela. Niri kostatu zitzaidan sinestea, sartu berria nintzelako, eta beste birekin batera, taldeko gazteenak ginelako. Sinetsita zeudenez, nik ere sinetsi nuen, eta, begira, irabazi genuen. Horrek erakutsi zidan benetan zerbaitetan sinesteak helburua betetzeko balio duela.
Beraz, urtebete lehenago hasi zinen selekzioarekin jokatzen.
Hori da. Ezustean harrapatu ninduen hautatzailearen deiak. Ez nuen espero horrelako aukera bat izango nuenik. Hogei jokalari baino gehiagoko taldea zen, eta aukeratu ez ezik, entrenatzaileak zuzenean hasierako hamaikakoan jarri ninduen. Erabateko konfiantza eman zidan hasieratik. Jokalari gaztea, indartsua eta gogorra nintzen, defentsa lanerako sendoa. Uste dut horregatik kokatu ninduela talde titularrarekin.
Gogoan dut 1991n Alemanian txapelketa bat jokatu genuela, eta han izan zen nire lehen partida. Bukatzean, ez nintzen oso gustura geratu, baina hautatzaileak esan zidan ez nuela batere gaizki jokatu. Niretzat, dena berria zen, eta harritu ninduten gauza ugari ikusi nituen. Esaterako, Alemanian hockeyko pilota pasatzen zizun jendea zegoen zelaietan. Ni ohitua nengoen pilotaren bila joan eta hartzeaz, baina han pertsona batzuk zeuden hortaz arduratzen zirenak. Gainera, telebistan eman zituzten txapelketa hartako partidak.
Lagunak taldearekin bigarren mailan jokatzetik nentorren, eta esperientzia harekin kolpetik sekulako jauzia eman nuela sentitu nuen.
Bartzelonako balentria garrantzitsua izan zen belar hockeyarentzat eta emakumezkoen kirolarentzat?
Zalantzarik gabe, gainera. Emakumeok Bartzelonan erakutsi genuen kirolean maila ona eman genezakeela, eta dominen lehian aritzeko moduan geundela. Horrekin batera, bai, belar hockeyari ikusgarritasuna eman zion, ordura arte oharkabean pasatu ohi zen kirola zelako.
Dokumental batean diozu Espainiako belar hockey taldeko entrenatzaileak hiru aukera posible jarri zituela Bartzelonako Olinpiar Jokoetara joateko: txapelketa lasai hartzea, bosgarren tokian gutxienez geratzea eta urrea irabaztea. Taldeak hirugarrenaren alde egin zuen?
Bai, esan moduan, taldeak sinetsita zuelako dominen lehian izango ginela. Entrenatzaileak ere irabaztea zuen helburu, baina taldearen esku utzi zuen erabakia. Behin aukeratuta nahi genuena, Olinpiar Jokoak behar bezala prestatzeari ekin genion. Sekulako egurra eman zigun, eta aitortu behar dut gogorra izan zela, baina beharrezkoa. Asko landu genuen fisikoa, Bartzelonara sasoiko iristeko. Egia esan, entrenatzaileak detaile asko zaindu zituen. Adibidez, belar hockeyko pilota zuria da, eta hark erabaki zuen zapatila zuriekin jokatu behar genuela, epaileek ez zutelako horren argi ikusiko oinetan ematen zigun ala ez. Horrez gain, jokalari bakoitzari stick edo makil propio bat egokitu zigun.
Bartzelonakoa balentria bat izan zela jaso zuten garaiko kronikek, gutxik espero zutelako zuen urrezko domina. Eta zuek?
Jokoetan ondo arituko ginela uste nuen, baina ez urrea irabaziko genuenik. Ordea, taldea sendo eta sinetsita ikusten nuen, profesionaltasuna erabatekoa zen, eta horrela lortu genuen balentria hori.
Nire familia partida batzuk ikustera etorri zen Terrassara, baina beraiek ere ez zuten uste horren urruti iritsiko ginenik. Hori bai, asko animatu ninduten harmailetatik, Aupa Maider! jartzen zuen kartelekin. Horretaz ondo gogoratzen naiz.
Finalean, Alemania hartu zenuten mendean (2-1), Terrassako zelaian. Gogoan duzu momentu hura?
Bai, finaleko azken segundoak gogoan ditut. Defentsa lanean gogor aritzea baino ez nuen buruan, inor pasatu ez zedin, eta gol aukerarik ez emateko arerioari. Markagailuan aurretik jarri ginen azken minutuetan, eta horri eustea zen helburu bakarra. Baita lortu ere.
Lau euskal herritarrek irabazi zenuten urrezko domina. Hiru donostiarrek: Teresa Motosek, Nagore Gabellanesek eta zuk. Eta Silvia Manrique laudioarrak. Aldiz, Realaren belar hockey taldeko ordezkariak hiru zineten; Motos, Gabellanes eta zu?
Horrela da, bai, Euskal Herriaren ordezkariak lauak izan ginen. Finala, berriz, hiruk jokatzeko aukera izan genuen; Motosek, Manriquek eta hiruok. Noski, esperientzia ahaztezina izan zen denontzat.
Bestalde, aipatu behar dut Espainiako selekzioak deitu ninduenean, 1991n, Lagunak taldean nenbilela jokatzen. Hori dela eta, ohorezko mailako talde batera joateko eskatu zidan entrenatzaileak, eta Realera joan nintzen.
Reala aipatuta, ezin zure kirol ibilbidea errepasatu gabe utzi. Zurriola Ikastolan hasi zinen belar hockeyan, 10 urte zenituela. Zergatik aukeratu zenuen belar hockeya?
Gaur egun gertatzen den modu berean, gure garaian ere futbola zen haur gehienek aukeratzen zuten kirola. Saskibaloia probatu nuen, baina txikiegia nintzela uste nuen kirol horretan ondo moldatzeko. Orduan, ikastolako lagun talde bat elkartu eta belar hockeyan aritzea erabaki genuen.
Eta noiz konturatu zinen belar hockeyan bidea egiteko aukera zenuela?
Lagunartean osaturiko taldea izan arren, gazte mailako Espainiako txapelketa irabazi genuen Zurriola Ikastolarekin. Lorpen horri esker ikusi nuen belar hockeyan bidea egiteko aukera nuela, oso ondo moldatzen nintzelako. Gainera, 16 urtez azpiko Espainiako selekzioak deitu ninduen, batez ere, aipaturiko txapelketan eman nuen mailarengatik. 18 urtez azpiko selekzioarekin ere aritu nintzen, eta, aipatu moduan, 1991n eman zidaten aukera nagusiekin aritzeko.
Zurriolan, Lagunaken, Realean, Madrilgo Club de Campon eta Santanderreko Sardineron aritu zinen, ezta?
Bai, hori izan zen nire kirol ibilbidea belar hockeyan. Oker ez banago, 2004an erretiratu nintzen, Atenasko Olinpiar Jokoen ondoren. Gainera, bi urte beranduago izan nintzen ama, beraz, bai, 2004an izan zela uste dut. Dena dela, intentsitate baxuagoan bada ere, belar hockeyan jokatzen jarraitzen dut, lagunartean.
1991n pausoa ematea erabaki nuen. Orduan bukatu nuen UBI (Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea) maila, egungo batxilergoaren bigarren maila dena. Entrenatzaileak esan zigun urte osoa entrenatzeko hartuko genuela, eta federazioak aurrekontu bat zehaztu zuen jokalariok soilik horretara egon ahal izateko. Gurasoei esan nien urtebetez ikasketak utzi eta urte hori belar hockeyari eskaini nahi niola. Zorionez, oniritzia eman zidaten.
Hain zuzen ere, Olinpiar Jokoekin bueltan, Bartzelonakoa ez zen zure esperientzia bakarra izan. Atlantan (1996), Sydneyn (2000) eta Atenasen (2004) ere izan zinen. Beraz, lau Olinpiar Jokotan parte hartu zenuen. Joko horietan belar hockeyaren emaitzak nolakoak izan ziren?
Bartzelonakoa ez genuen berdintzerik izan. Atlantan oso gaizki aritu ginen, taldea zeharo aldatu zelako. Lanean zebiltzan askok selekzioa utzi zuten, eta jokalari horiek ziren taldeko garrantzitsuenak. Ondorioz, Bartzelonako mailatik oso urrun aritu ginen. Gainera, federazioak ez zuen dirurik jarri, eta horrek ere eragina izan zuen prestakuntzari dagokionez. Aldiz, Sydneyn, maila berreskuratu genuen, eta laugarren bukatu genuen. Brontzezko dominaren lehian izan ginen, baina Herbehereen kontra galdu genuen. Azkenik, Atenasen, nire azken Jokoetan, ez ginen nahi bezain ondo aritu.
Egun gutxi barru, Parisko Olinpiar Jokoak hasiko dira. Jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, noski. Olinpiar Jokoen zalea naiz. Kirol mota asko gustuko ditut, eta, batez ere, eskubaloi partidak ikusiko ditut. Futbola ere gustatzen zait, baina amorratzen nau beste hainbat kiroli itzala egiten diolako gizartean eta hedabideetan. Beste bat aipatzearren, gimnasia erritmikoa aipatuko nuke.
Eta belar hockeya eta emakumezkoen Espainiako selekzioaren partidak ikusiko dituzu?
Egia esan, ez dakit, gaur egun ez dudalako selekzioa jarraitzen.
Parisen izango diren kirolari donostiarrei zer aholkatuko zenieke?
Lanak eginda doaz, eta orain han egin beharrekoaz eta euren buruaz arduratu behar dira. Kirol mailaz harago, Olinpiar Jokoetan kontzentrazioa ezinbestekoa da. Gogoan dut nire estreinako Olinpiar Jokoetara joan aurretik, psikologo batekin lanketa berezia egin genuela. Izan ere, Olinpiar Jokoetan estadioak jendez gainezka egon ohi dira, eta gu ohituta geunden harmaila hutsekin jokatzera.
Dominarik eskuratuko ote du donostiarren batek?
Lortzekotan, Maialen Chorrautek. Parisera badoa, dominen lehiatik gertu egongo delako da. Gainera, lortzeko gaitasuna duela uste dut.