Miren Lazkano prest dago estreinaldirako
Gaur hasi eta abuztuaren 11ra bitarte jokatuko dira Parisko Olinpiar Jokoak. Lazkanorekin batera, Maialen Chorraut, Pau Etxaniz, Dario Brizuela eta Andy Criere donostiarrek parte hartuko dute.
Euskal Herriak 42 ordezkari izango ditu historiako 33. Olinpiar Jokoetan. Horietatik bost dira donostiarrak: Maialen Chorraut, Miren Lazkano eta Pau Etxaniz piraguistak; Dario Brizuela saskibaloi jokalaria eta Andy Criere surflaria. Aldiz, beste zazpi dira Donostiako klubetakoak diren kirolariak. Realeko Beñat Turrientes, Jon Pacheco, Sergio Gomez, Elene Lete eta Manuela Vanegas futbol jokalariak; Realeko John Cabang atleta eta Bera Berako Maitane Etxeberria eskubaloi jokalaria.
Olinpiar Jokoetan estreinakoz ariko dira gehienak, eta tartean da Miren Lazkano (Aiete, 1997) bera ere. «Prest nago. Parisko esperientzia zeharo berria izango da niretzat, baina nire maila emateko gogotsu nago», adierazi du Lazkanok. Pauen (Frantzia) sailkatu zen Olinpiar Jokoetarako, eta gogoan du une horretan sentiturikoa: «Oso pozgarria izan zen. Denbora asko neraman Olinpiar Jokoak prestatzen, eta, azkenik, Pauen lortu nuen sailkatzea. Hango kanala oso berezia da niretzat, etxean bezala sentitzen naizelako han». Hain zuzen ere, lan askoren emaitza dela aitortu du piraguistak. «Prozesu luze baten emaitza da. Ordu asko eman ditut entrenatzen eta lehiatzen, eta horri esker lortu dut Parisko saria. Lesio batetik bueltatu eta lehiakorra izatea ez da batere erraza, baina helburua betetzea lortu dut», nabarmendu du.
Lesioa gaindituta
2019ko sailkatze fasean, Lazkanok min hartu zuen sorbaldan. Horrek Tokioko Olinpiar Jokoetatik kanpo utzi zuen, nahiz eta pandemiarekin urtebete atzeratu aipaturiko Jokoak. «Momenturik okerrenean hartu nuen mina, eta nire asmoak zeharo baldintzatu zituen. Koronabirusaren krisiak Jokoak urtebete atzeratu arren, aukerarik ez nuela izango barneratu nuen. Ondorioz, Parisko Olinpiar Jokoei begira jarri ginen lanean, eta esfortzu handiari esker, sailkatzea lortu nuen», azaldu du Lazkanok.
Lorpenaren bide horretan, abilezia propioarekin batera, Aritz Fernandez entrenatzailea oso garrantzitsua izan da piraguista donostiarrarentzat: «Niretzat oinarrizkoa da Aritz. Hasi nintzenetik dut alboan, proiektua biona izan da, eta bion artean lortu dugu. Parisko Olinpiar Jokoetara joatea paregabea izan da biontzat».
Euskal Herriko piraguismoak, eta, batez ere, Gipuzkoakoak, historia idatzi du Olinpiar Jokoetan. Maialen Chorraut da ikur, hiru domina irabazi dituelako Olinpiar Jokoetan: brontzea Londresen (2012), urrea Rio de Janeiron (2016) eta zilarra Tokion (2021). Oraindik historia idazten jarraitzeko gogotsu dago, eta baita atzetik datozen piraguistak ere. Parisen lau izango dira ordezkari gipuzkoarrak, eta, horietatik, hiru dira donostiarrak. Historiari baino, helburu pertsonalei erreparatu nahi dio Lazkanok: «Prest nago lehiarako. Olinpiar Jokoetan izan diren beste kirolari batzuek esan didate presio askoko egunak izango direla, eta errealitate hori kudeatu beharko dudala. Izan ere, ni ez naiz sekula izan horren txapelketa entzutetsu batean. Horri aurre egitea izango da nire erronka. Lortzen badut, eta kirol mailan nire bertsiorik onena ematen badut, txapelketa ona egin dezakedala uste dut».
Donostiako Atletiko, harrobi
Chorrauten antzera, Donostiako Atletikon hasi eta hezi da Lazkano. Kluba piraguismoaren harrobi «eredugarria» dela uste du Lazkanok. Aldiz, Chorraut bera du erreferente. «Maialenekin hitz egin dut, esperientzia asko pilatu duelako Olinpiar Jokoetan. Galdera asko egin dizkiot, hobeto ezagutzeko zer den horrelako txapelketa batean parte hartzea. Urduri eta gogotsu nago», adierazi du piraguista donostiarrak.
C1 eta kayak kros kategoriatan lehiatuko da Lazkano, eta bakoitzaren berezitasunak azaldu ditu: «C1 kategoria, eslaloma, luzeagoa da eta bakarka aritzen gara. Betidanik ikusi izan duguna da. Jaitsiera ahalik eta denbora laburrenean egitea da helburua, penalizaziorik gabe. Kayak krosa, berriz, bi fasetan banatzen da. Lehenik, erlojuaren kontrako jaitsiera egiten du bakoitzak. Denboraren arabera, sailkapen bat egiten da, eta lauko txandak zehazten dira. Ondoren, snowboard kros kirolean egiten den moduan, launaka jaisten gara kanaletik, eta helmugara iristen diren lehen biak sailkatzen dira hurrengo errondara. Horrela, finaleraino».
Bi kategoriatan ahalik eta urrutien iristea du helburu. «Eslalomean gehiago daramat, eta esperientzia oso garrantzitsua da. Dena dela, kayak krosean ere asko aritu naiz azkenaldian. Modalitateak aldaketa asko izan ditu, eta piraguista asko trebatu dira. Egia esan, ez dut uste batean edo bestean hobeagoa naizenik. Bietan ondo moldatzen naiz, eta emaitzarik onena lortzen saiatuko naiz», esan du Lazkanok. Konfiantzarik ez zaio falta, baina badaki nora doan: «Badakit maila onean nabilela, baina txapelketak bakoitza bere lekuan jarriko du».
Paralinpiarren txanda
Abuztuaren 11n bukatuko dira Parisko Olinpiar Jokoak, eta hiru aste beranduago hasiko dira Paralinpiar Jokoak. Zehazki, abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitarte jokatuko dira. Donostiak lau ordezkari izango ditu Parisen: Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilariak, Fernando Mitxelena tiratzailea eta Ander Cepas mahai tenis jokalaria. Zudaireren eta Llopisen bigarren esperientzia izango da, Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zutelako. Gainera, Llopisek zilarrezko domina irabazi zuen 100 metroko bizkar estiloan. Aldiz, Pariskoa Mitxelenaren eta Cepasen estreinaldia izango da. Lauek dituzte aukerak dominak eskuratzeko.