Lokalaren aferari irtenbidea emateko eskatu du Auskalo aisialdi taldeak
Elkarretaratzea egin zuten larunbatean Auskalo aisialdi taldekoek Antiguan, lokalaren aferak irtenbide bat behar duela aldarrikatzeko. Izan ere, Alfontso XIII.aren plazako San Sebastian Martiriaren elizaren azpian dagoen lokal bat erabili dute azken 34 urteotan, baina Gotzaindegiak berak azaldu zuenez, lokalari “irtenbide berri bat emateko premia” du parrokiak, dituen arazo ekonomikoak direla eta. Horrela, Auskalok ez ezik, Antiguako beste hainbat eragilek erabiltzen duten lokalik gabe geldituko da auzoa.
Gotzaindegiarekin eta udalarekin akordio batera iristen saiatu dira, baina momentuz, irtenbiderik gabe jarraitzen du lokalaren aferak. Bada, aisialdi taldekoek bi asteko kanpaldia egin dute Errioxan, eta larunbatean, iritsi zirenean, elkarretaratzea egin zuten aisialdi taldeko arduradunek, haur eta gazte erabiltzaileek zein euren bila joan ziren senideek, Alfontso XIII.aren plazan.
Elkarretaratzean, kanpaldian prestatu zuten abesti aldarrikatzaile bat kantatu zuten, eta ekitaldi jendetsua izan zen, udalari auzoan dagoen lokal faltari irtenbide bat ematea eskatzeko baliatu zutena.