Maialen Chourraut dominen lehiatik urrun geratu da
Finalean huts egin du, eta hamabigarren postuarekin konformatu behar izan da Donostiako Atletikoko piraguista.
Bigarren ate hori ez du berehalakoan ahaztuko. Maialen Chourraut piraguistak K1 eslalomeko finala jokatu zuen atzo, Parisko Olinpiar Jokoetan. Horrela ere, ez zuen bere maila emateko aukerarik izan. Kanaleko bigarren atea igaro ez izanak zeharo baldintzatu zuen haren emaitza. Ondorioz, hamabitik hamabigarrena geratu zen. Urrea Jessica Fox australiarrak jantzi zuen, zilarra Klaudia Zwolinska poloniarrak eta brontzea Kimberley Woods ingelesak.
Finalerdietan ere galtzak bete lan izan zituen Chourrautek. 22 parte hartzaileetatik soilik hamabik zuten aukera finalera sailkatzeko. Donostiako Atletikoko piraguistak ez zuen saiorik onena izan, baina zortea lagun izan zuen. Kanaleko 23 ateak ukitu gabe zeharkatu zituen, eta horri esker sailkatu zen finalerako, hamaikagarren denborarekin.
Finalean, berriz, bere mailatik urrun ibili zen Chourraut. Esan moduan, bigarren atea gainditu gabe utzi zuen, eta epaileek 50 segundoko zigorra ezarri zioten. Ondoren, zortzigarren atea jo zuen, eta horrek beste 2 segundoko galera eragin zion. Azkenean, 157.67 segundoko denborarekin hamabigarren postuan bukatu zuen.
Dena dela, Donostiako Atletikoko piraguistaren ibilbidea ez da bukatu Parisen. Laugarren domina olinpikoa irabazteko beste aukera bat du kayak kros proba berrian. Lauko lasterketa da, eta onenekin aritzea du helburu. Proba horretan, Miren Lazkano donostiarrarekin batera ariko da.
Hiru domina
41 urterekin, Chorraut piraguismoaren eredu da. Hiru domina irabazi ditu Olinpiar Jokoetan: brontzea Londresen (2012), urrea Rio de Janeiron (2016) eta zilarra Tokion (2021). Beijingo Olinpiar Jokoetan (2008) parte hartu zuenetik, eslalomean munduko erreferentzia izan da askotariko txapelketetan. Olinpiar Jokoetan ez ezik, Munduko eta Europako kopetan zein txapelketetan.