Irailean hasiko dituzte Bretxaren ingurua urbanizatzeko lanak
Donostiako Udalak Urbycolan enpresari adjudikatu dizkio Parte Zaharreko Bretxa eremuaren ingurua berritzeko lanak. 546.339 eurokoa da aurrekontua, eta enpresak hamabi asteko epea izango du obra bukatzeko.
Lanak modu subsidiarioan egingo dituzte, eta Iñigo, Aldamar eta San Juan kaleetan eta Bretxa plazaren inguruan eragingo dute. Irailean hasiko dira lanekin, eta urte bukaerarako dena prest izatea aurreikusten du udalak.
Zehazki, hauek dira egingo dituzten obrak: Iñigo kalean, ibilgailuentzat diren zonetan zoladura berritzea da helburua, sestra kota espaloiaren kotaraino igotzeko, guneari nagusiki oinezkoentzako izaera emateko. Aldamar kalean, berriz, berriro urbanizatuko dute, ibilgailuekiko eta oinezkoekiko baldintzak hobetzeko. Azkenik, Bretxako plazako argiteria eta zenbait sareta eta zoladura sartu dira plazaren zati batean; instalazioei dagokienez, hobekuntza batzuk eta Arrandegi eraikineko hartuneak sartu dira.