Sail Ofizialeko zuzendariak iragarri ditu Zinemaldiak: Maite Alberdi, Gia Coppola eta Kiyoshi Kurosawa, besteak beste
Jazzaldia bukatu berri, hasi dira aurtengo Zinemaldiko iragarpenak. Sail Ofizialean nor lehiatuko den iragarri dute gaur bertan, ohar bidez, 72. Zinemaldiko antolatzaileek. Honako hauek izango dira zuzendari nagusiak: Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer, François Ozon, Laura Carreira eta Xin Huo. Azken bi hauek, haien lehen lan luzeekin lehiatuko dira Urrezko Maskorraren bila.
Maite Alberdik (Txile, 1983) lehendabizikoz hartuko du parte Urrezko Maskorra lortzeko lehian fikziozko bere lehen film luzearekin; zehazki, El lugar de la otra Alia Trabucco Zeránen Las homicidas entseguan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatu du Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean, eta Perlak Sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu.
Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatu du Laura Carreirak (Portugal, 1994) On Falling bere lehen film luzean. Zinemagile portugaldarrak –Edinburgon bizi denak– zuzendutako lanen artean, honako film labur hauek dira nabarmentzekoak: Red Hill (2018), Edinburgoko zinema-jaialdiko New Visions Sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA Sarietan izendatua; eta The Shift (2020), Veneziako zinema-jaialdian estreinatua eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Elkargoko Sarietarako izendatua.
Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan berriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste bi lan, Veneziako Mostran emanak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.
Donostia Sariarekin omendua 2019an, Costa-Gavras errealizadore frantziar-greziarra Sail Ofizialera itzuliko da. Le dernier souffle da zuzendariaren lan berria, eta zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak biltzen dira bertan; Denis Podalydès, Kad Merad, Ángela Molina, Charlotte Rampling, Hiam Abbass, Karin Viard eta Marilyne Canto dira protagonista nagusiak.
Edward Berger (Alemania, 1970) Conclave filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean aurten; alemaniarraren aurreko filma, Im Westen nichts Neues (2022), hainbat Oscar sariren irabazle izan zen (nazioarteko film onenaren Oscar saria, besteak beste). Film berrian, Ralph Fiennesek kardinal baten rola antzezten du. Aita Santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak.
Hebi no michi / Serpent’s Path filma ere emango da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak (Japonia, 1955) zuzendua, alabaren heriotza basatia mendekatzeko plan bat antolatzen duen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmatua, Ko Shibasaki, Damien Bonnard eta Mathieu Amalric ditu protagonista filmak. Kurosawak berak 1998an zuzendutako izen bereko filmaren –hamar urte geroago Donostiako Zinemaldiko Japonia beltzean atzera-begirako tematikoan programatutakoaren– bertsio berria da.
Azkenik, Mike Leigh britainiarra (Salford, 1943) ere Sail Ofizialean izango da lehendabizikoz, film hauek zuzendu ondoren: Secrets and Lies (1996; Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Perlak Sailean aurkeztua); Naked (1993, zuzendari onenaren saria eskuratu zuena Cannesen); All or Nothing (2002), Vera Drake (2004, Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazlea), eta Happy-Go-Lucky (2008). Hard Truths ekoizpen ingeles-espainiarraren protagonistak Marianne Jean-Baptiste eta Michele Austin dira; Leighek Londresko familia baten eguneroko bizitza deskribatzen digu bere lan berrian, bai eta familia-harremanak, dolua eta osasun mentala ere, besteak beste.