Kalapiek ere ez ditu Loiolako jaiak galdu nahi izan
Askotarikoak dira auzoetako jaietan egiten diren jarduerak. Kalapie elkarteak ere ez du aukera galtzen, eta Loiolako jaietan izan da, jaien azken egunean. Goiz osoan zehar hainbat jarduera antolatu dituzte, haurrei bideratuta, batez ere.
Bizikleta trebezia zirkuitua izan da bai ala bai haurrek probatu nahi izan duten bidea: bizikletarekin hainbat kono saihestu, eta bidea osatu behar izan dute, kasik joko olinpiarren gisara. Bestetik, berrerabilpen tailerra egin dute. Bizikletatako gurpilen kamara zaharrak erabiliz, giltzatakoak eta belarritakoak egiteko eskulan tailerra izan da: Elefanteak, izarrak… gurpil zaharrekin edozer egin daitekeela erakutsi dute.
Azkenik, eta arreta gehien piztu duen jarduera, Bizi-scalextrixa izan da: Bizikleta estatikoen bidez mugitzen den den scalextric bat, %100 material birziklatuekin egina. Pedalkadaren arabera abiadura moldatzen duten auto txikiak dira, eta haur zein helduentzat izan da bitxia. Fuerteegi emanez gero, autoak bidetik ateratzen ziren arren, karrera batzuk egin izan dituzte.
Kalapiekoak pozik agertu dira giroarekin, jaietan ere mugikortasun jasangarria eta bizikletaren aldeko lanketa egin behar dela uste dutelako. Hurrengo auzoetako jaiak badituzte ere: Aieteko jaiak, irailean.