Martuteneko Tranbia kalea noranzko bakarrekoa da orain
Biribilguneko lanak aurrera doazen arren, dagoeneko erabilgarri dago ibilgailuentzat.
Abuzturako prest egongo zela iragarri zuen Donostiako Udalak, eta aurreikuspenak beteko direla ematen du. Martuteneko biribilgune berriko lanak azken fasean sartu dira, eta dagoeneko erabilgarri dago ibilgailuentzat. Dena dela, erabiltzaile guztiak ez daude konforme harturiko erabaki batekin. Izan ere, Tranbia kalea noranzko bakarrekoa bihurtu dute bizikletentzat.
Martutene erdigunetik zeharkatzeko ez dago bidegorri zatirik. Astigarragatik datorren bidegorria biribilgunean bukatzen da, eta Tranbia kalearekin lotuko dute. Hain zuzen ere, kale hori joan-etorrikoa zen orain gutxi arte, eta bizikleta erabiltzaile askok erabiltzen dute. Ordea, kale horretako errepide zati bati lurreko seinalea aldatu diote —lehen argazkian ikus daiteke—. Ondorioz, Txomiñenetik Martutenera iritsi eta Tranbia kalea gurutzatu nahi duten txirrindulariek seinale aldaketarekin topo egiten dute, eta debekatuta dute aurrera egitea.