Luka Sucic gaztea aukeratu du Realak
Klubak baieztatu ez badu ere, hedabide askok eman dute Salzburgoko erdilari kroaziarraren fitxaketaren berri.
Denboraldiaurreak aurrera egin ahala, lagunartekoak eta udako merkatuaren joan-etorriak izan ohi dira protagonistak. Reala ere zurrunbilo horren parte da. Talde txuri-urdinetik joan eta etorriko diren jokalarien zerrenda amaigabea izaten da, zurrumurruak direlako nagusi. Ordea, Reala arduratzen da zurrumurru horiek baieztatzeaz.
Luka Sucic gazte kroaziarra aurki txuri-urdina izango dela aurreratu dute hainbat hedabidek. Soilik Realaren baieztapena falta da. Halere, iturri batzuk fidagarritzat jo ohi dira, eta badirudi Sucic Donostiara etorriko dela, 10 milioi euroren truke. 21 urte ditu, erdilaria da eta Salzburgorekin jokatu ditu azken lau denboraldiak. Hain zuzen ere, Txapeldunen Ligan aurrez aurre aritu ziren pasa den sasoian Reala eta Salzburgo. Are gehiago, Sucicek Anoetako partida osorik jokatu zuen.
Beste izenak
Talde txuri-urdinera etor daitezkeen beste izen propio batzuk ere agertu dira hedabideetan. Borja Mayoral Getafeko aurrelaria da ziurtzat ematen duten beste fitxaketa. Dena dela, Umar Sadiq Realeko aurrelariak hartzen duen erabakiaren araberakoa izango omen da, klubak beste talde batera bidali nahi duelako utzita. Agertu diren beste bi izen dira Carlos Soler (Paris Saint Germain) eta Javi Guerra (Valentzia).
Mikel Merino
Datozenak ez ezik, joango direnen izenak ere aipatzen dira. Mikel Merino erdilari nafarrak Reala utziko duela aurreratu dute aipaturiko hainbat hedabidek. Mikel Arteta donostiarrak zuzentzen duen Arsenalera joango omen da 30 milioi euro ingururen truke.
Orain arte klub txuri-urdinak hiru fitxaketa baieztatu ditu: Sergio Gomez, Sydney Osazuwa –bigarren talderako— eta Javi Lopez. Era berean, beste hainbesteren agurraren berri eman dute: Diego Rico, Martin Merquelanz, Alex Sola eta Robin Le Normand. Aldiz, Jon Karrikaburu utzita ariko da Racingen.