«Udal gobernuak zaborren tasa igo nahi du, baina birziklatze helburua betetzeko asmorik gabe»
Donostiako Udalak zaborren gaineko zerga igotzeko duen asmoaren harira, oharra plazaratu du Eguzki Talde Ekologistak.
Europako Batasunak jarritako baldintzatara egokitzeko, Donostiako Udalak uztailaren 23an jakinarazi zuen zerga politika aldatuko duela. Besteak beste, zaborren tasa %26,54 igotzea aurreikusten du udal gobernuak. Horren harira, Eguzki Talde Ekologistak oharra plazaratu du, asmo hori kritikatzeko: “Tasa igo nahi du, hondakin legearen aitzakian, baina ez du lege horrexek ezarritako birziklatze helburua betetzeko inolako asmorik”.
Herritarren poltsikorako “astindu galanta” dela dio Eguzkik. “Igoera hondakin legeak behartuta dagoela argudiatu du alkateak, eta, beraz, Donostiak ez ezik gainerako herriek ere onartu beharko dutela. Izan ere, Europako erabakien ondorio den lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik”, azaldu dute.
Goiak esan ez dituen gauzak nabarmendu ditu Eguzkik: “Alkateak ez du esan zabor tasa igotzea agintzen duen hondakin lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri hondakinen %55 gaika biltzea ere agintzen duela”. Gaur egun, Donostiak hondakinen %41,33 biltzen du gaika. “Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera”, deitoratu dute.
Gainerako herriek ere zabor tasa garestitu beharko dute, baina gehienek gaikako bilketaren %55eko helburua betetzen dutela ohartarazi du talde ekologistak: “Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten %55eko helburua, hau da, legeak ezarritako epean baino bost urte lehenago. Gipuzkoako gaur egungo batez bestekoa %57,16 da, eta handiagoa izango litzateke baldin eta Donostiako eta beste zenbait herrietako emaitza kaskarrek jaitsiko ez balute”.
Donostiako bilketa
Galdera konkretu bat ere plazaratu du Eguzkik: “Zergatik da hain eskasa Donostian gaikako bilketa?”. Horren erantzuna erraza dela diote. “Udal gobernuak urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin dio. Zergatik? Erraustegiari jaten eman behar zaiolako, hondakinen kontu hau glamour gutxikoa delako… edo alor honetan utzikeria nagusitu zaiolako, besterik gabe. Beharbada, denetatik pixka bat, auskalo”, kritikatu dute.
%55eko helburua betetzeko, udalak planik ez duela dio talde ekologistak: “Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak orain dela aste batzuk esan zuenaren arabera, udalak auzoren batean, proba gisa, zaborra nahastuta hartzen dituzten edukiontzien itxiera eta irekiera txipak jartzeko asmoa da. Hori da guztia. Ez dago besterik aurreikusita, eta, gainera, zinegotziak aitortu zuen horretarako ere ez dagoela eperik”.
Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko, “gutxieneko batzuk bete behar” direla uste du Eguzkik. “Gutxienezko horiek betetzea ingurumen politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen. Noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira”, salatu dute.