Eraso bat salatu dute Loiolako jaietan
Loiolako jai batzordeak oharra plazaratu du festetan gertaturiko eraso bat salatzeko.
Astearte gauean (uztailaren 30ean), 27 eta 35 urte bitarteko hiru gizonek auzotar bat jipoitu zutela jakinarazi dute. Erasoa jaietako oholtza atzeko komun publikoetan izan zen, goizaldeko 03:30 inguruan.
Biktimak Guns & Roses taldearen kamiseta bat zeraman soinean, eta hiru gizonak irainka hasi zitzaizkion zeraman itxurarengatik. “Biktimak errespetu pixka bat eskatu zien, barre artean, eta buelta eman zuenean, botila bat apurtu zioten aurpegian”, adierazi du jai batzordeak.
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, auzotarrak 48 urte ditu, eta erasoa jasan ondoren banku batean esnatu zen goizaldeko 6ak inguruan. Etxera joan zen topoan, eta, gutxira, larrialdietara joatea erabaki zuen jasandako jipoiarengatik. Jai batzordeak esan duenez, biktimak lesio fisikoak dauzka aurpegian eta buruan, eta gertaturikoaz ez da ezer gogoratzen.
“Norbaitek zerbait ikusi bazuen, mesedez, kolaboratzeko deialdia egin nahi dugu salaketa jartzen laguntzeko”, esan du jai batzordeak. “Jaiak denonak dira, eta Loiolan ez dugu inolako erasorik onartuko. Jarrai dezagula jai herrikoiak eta seguruak egiten”, aldarrikatu dute.