Errekorraren bila doa Donostia Arraun Lagunak
Castron eta Orion jokatuko dira asteburuko Euskotren eta Eusko Label Ligetako estropadak.
Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarrako bi ontziak prest daude beste bi arraun jardunaldiri aurre egiteko. Bihar, Castron (17:25), eta, etzi, Orion (11:25) ariko dira hiriko bi ordezkariak, helburu desberdinekin.
Euskotren Liga azken txanpan sartzera doa, soilik hiru estropada falta direlako. Asteburuan hamaikagarren eta hamabigarren jardunaldiak jokatuko dituzte. Donostia Arraun Lagunakek ligako errekorra hobetu nahi du. Oriok lortu zuen 2019an, hamahiru estropada irabazita. Lugañenea traineruak hamarretik hamar garaipen daramatza, eta asteburuko biak irabazita, marka berdintzetik oso gertu geratuko dira. Gainera, beste lau estropada izango dituzte errekorra gainditzeko. Konfiantzaz beterik dabiltza, eta lor dezaketela uste dute.
Donostiarrako neskek, berriz, nabarmen egin dute hobera azken estropadetan, eta parez pare dabiltza Tolosaldearekin eta Oriorekin. Banderen lehian sartu nahi dute aipaturiko biekin batera, eta Donostia Arraun Lagunakek huts egingo balu, aukerak izan ditzakete.
Eusko Label Ligan oraindik estropada asko falta dira; zehazki, hamar. Donostiarrako mutilak azken urratsa egiten saiatuko dira, Urdaibai liderra gainditzea posible delako. Lortu dutenean, Zierbenak aurrera hartu die, eta bigarren geratu direnetan, Bermeoko ontziaren atzetik izan da. Esaterako, pasa den igandean, Lekeition. Sailkapeneko laugarren postuan daude Oriorekin 90 puntura berdinduta.