«Igandean La Txamakoak ezagutu nahi ditugu»
Glad is The Day jaialdian arituko dira Alcalá Norte talde madrildarreko kideak, haien arrakasta partekatuz lehen aldiz Donostian.
Alcalá Norte talde madrildarrak izugarrizko booma egin du azken hilabeteotan, haren lehen lana argitaratu berri. Rosaliak berak partekatu du zaleekin ezin duela burutik kendu La Visa Cañon kanta. Atzetik istorio bitxia du kantak: 1930eko hamarkadako Madrilgo astekari batean galdetu zioten gizon bati ea zer egingo zuen loteria irabazita. Eta gizonak, “bizitza kanoia” eramango zuela esan zuen. Hau da: antzokian eserleku bat izatea, andregaiari mantoi bat oparitzea, eta Burgosera oporretan joatea. Gauza xumeen maitasun hori aldarrikatzen izango dira igandean, arratsaldeko 18:00etan, Gladys Enea parkean.
Lehen aldia duzue Donostian, igande honetan, ezta?
Jotzen bai, baina hirian izan gara lehendik. Barbosa, gure bateria jolea Txiki tabernara joaten zen, jada existitzen ez den Parte Zaharreko heavy taberna mitiko bat, eta hor zuen edalontzi bat gordeta beti. Eta azaroan Dabadabara etorriko gara berriro ere, kristoren gogoak ditugu!
Baina Euskal Herrian ez da lehen aldia.
Ez dizut gezurrik esango, Balaunka zigiluarekin batu gara, Arrasatekoak dira haiek, eta Euskal Herrian dugun guztiak ilusio berezia eragiten digu. Izugarriak dira horko data guztiak. Lehendik ere bagenuen harremana Euskal Herriarekin. Madriletik atera ginen lehen aldian, duela hiru urte inguru, Getxoko baso batean egin zen rave batera izan zen, gauza friki xamarra, egia esan. Lagun onak izan ditugu, eta orain gehiago.
BBKn Athleticeko peña bateko kamisetarekin atera nintzen, haien lagunak garelako. Ez dakit… dena oso guaya da, Euskal Herrira goazenean.
Bost urte daramazue taldearekin, ezta?
Talde gisa akaso bai, baina jotzen hiru urte inguru. Gure lehen kontzertutik atzera, urte eta erdi inguru egon ginen entseatzen eta talde gisa geure burua topatzen.
Baina izugarrizko boom-a izan duzue. Zer pasatu da?
Gure musika ondo grabatu dugula. Lehen ez zegoen ondo grabatuta, maketa merke batzuk ziren. Erabaki genuen kalitatez grabatu nahi genuela, munduari erakutsi nahi geniola, ahalik eta ate gehien joaz. Balaunkarekin hasi ginen lanean, managementa Joserekin, eta komunikazioan Pablorekin. Hiru alor horiei esker lortu dugu jendearengana iristea, eta geure diskoa ona zela erakustea. Egia esan, duela bi urte gure kontzertuetan jada bazeuden diskoko bederatzi kanta. Ez gara sekretuan gordetzen ari izan. Baina orain hedapen handiagoa eta sarbide erraztasun batzuk baditugu.
Zer moduz ari zarete bizitzen?
Oso ondo, bizitza ari zaigu aldatzen. Nik nire lana utziko dut irailean, beste bik ere utzi dute, besteek jornada murriztu… Oso guaya da hori. Oso kitzikagarria da. Suposatzen dut ezaugarri nartzisista bat dela, baina mundu guztiari gustatzen zaio gauzak galdetzea, aholkuak eskatzea… niretzat ederra da.
Hau al da zuen “bizitza kanoia”?
Gertatzen ari zaiguna bateragarria da, bai. Baina ideia da ezin duzula gehiegi flipatu –Barbosaren ideia da hau, berak topatu zuen eta kanta idazteko artikulua–, gehiegi flipatzen bazara, jada ez da bizitza kanoia. Barbosa oraintxe bertan bainuetxe batean dago, Zaragozan galdutako herrixka batean. Horixe da bizitza kanoia.
Euskal eszenarekin harremana duzue, beraz?
Diskoa argitaratu aurretik esposizio handiena izan genuen unea izan zen Chill Mafiakoek Madrilen egin zuten kontzerturako gonbidatu gintuztenean. Ezinezkoa da konexio hori ez aipatzea. Bestetik, lotura handia dugu Bilboko tipo batzuekin, irratsaioak egiten dituzten kolektibo bat da: Andras Show.
Ez ditugu La Txamakoak ezagutzen, baina Balaunkakoak dira eta Instagrametik mezu ñoñoak partekatzen ditugu, eta igandean haiek ezagutzeko gogo handia dugu!
Ezagutzen al duzu Glad Is The Day izenaren jatorria?
Ez, ez digute ezer esan.
1978an hil zuten Gladys del Estal militante ekologistak, eta Donostian gehienok Gladys Enea deitzen diogu parkeari, haren omenez.
Ah, ze ona. Ez nekien, ba oso ondo dago jakitea, Kristina Enea baina hobeto.
Eta aurretik zer duzue?
Kontzertu mordoa izango dugu aurretik. Gure kantak oraindik ez ditugu martxan, baina kolaborazio nahikotxo ari gara grabatzen eta ez gaude geldirik. Azaroan berriz ikusiko dugu elkar Donostian!