Ignacio Baraiazarra da San Sebastian Shops plataformako presidente berria
Aldaketa baten berri eman du San Sebastian Shops hiriko merkataritza plataformak. Aurrerantzean, Ignacio Baraiazarra Barrutia izango da presidente berria. “Arkitekturaren eta hirigintzaren alorrean egin duen ibilbide zabal eta nabarmena eta baita tokiko garapenarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoarengatik, plataforma hau aukera berrietara bideratzeko pertsona aproposa da”, azaldu dute.
1966an Bilbon jaioa, Arkitektura ikasketak Donostiako Eskolan garatu zituen, eta bere bizitza profesionala eta pertsonala komunitatearen eta garapen iraunkorraren zerbitzura eskaini du. Bere ibilbidea bokazio sozial sendoarekin hasi zen, 1992an Mugarik Gabeko Arkitektoen boluntario gisa parte hartu zuen, non hainbat proiektu garatu zituen atzerrian. 2004an, Rosario Casteres Serratsekin batera bere estudioa sortu zuen, eta sari ugari lortu zituen, besteak beste, Galdakaoko frontoi berria eraikitzeko lehiaketako Aipamen Berezia (1999), eta Bilboko Tranbiaren geltokien diseinuan egindako ekarpen arkitektonikoaren Aipamena (2000).
Arkitekturan egindako ibilbideaz gain, enpresa eta berrikuntza arloetan nabarmendu da Baraiazarra, 2010ean Bartzelonako Unibertsitatean Executive MBA lortu zuen, eta Masenfoke SL gisako proiektu berritzaileen sustatzailea izan zen, Berrikuntza Klubak aitortua eta nazioarteko hainbat foro eta mintegitan parte hartzeko hautatua. 2019an, bere lan berritzailearekin jarraitu zuen Donostiako B+C Gunea Arkitektura eta Diseinua sortuz, San Martin auzoko kale mailako estudioan, eta auzo honen negozio elkartearen kidea da.
“Baraiazarrak bere gain hartzen du presidente kargua hiriko merkataritza sustatzeko, merkatarien arteko lankidetza eta baita ere Donostiako hiri merkataritzaren erreferente gisa erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzen duten estrategia berritzaileak hartzeko helburuarekin”, nabarmendu du plataformak.