Loiolako kuartelen salerosketa hitzarmena «aldi baterako etetea» erabaki du udalak
Eskaeraren helburua da eskriturak sinatzeko epemuga saihestea. Izan ere, hitzarmena iraungiko balitz berriz ere izapidetu beharko litzateke salerosketaren prozesua.
Donostiako Udal Gobernuak Loiolako kuartelen salerosketa hitzarmena “aldi baterako etetea” erabaki du. Izan ere, abuztuaren 18an iraungiko da Espainiako Defentsa Ministerioarekin adosturikoa, eta udal gobernuak aurreratu zuen ez zituela kuarteletako eskriturak sinatuko, mugatze lerroaren inguruko afera argitu arte.
Gogora dezagun Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak ehun metroko gutxieneko muga ezarri zuela kuartelen eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen eta Urumea ibaiaren artean. Udalak, ordea, muga hori hogei metrokoa izatea nahi du, eta, horregatik, alegazioak aurkeztu zizkion Kostaldeko zuzendaritzari. Ordutik denbora pasatu da, eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Horregatik, hitzarmena aldi baterako eteteko eskaera onartuko dute datorren astearteko, abuztuaren 6ko, Tokiko Gobernu Batzordean.
Hirigintza Sailaren arabera, eskaeraren helburua da eskriturak sinatzeko epemuga saihestea. Izan ere, hitzarmena iraungiko balitz berriz ere izapidetu beharko litzateke salerosketaren prozesua, eta horrek asko atzeratuko luke dena.
73,3 milioi
Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak 2022ko azaroan adostu zutela kuartelen salerosketa akordioa eta handik urtebetera itxi zutela salerosketa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.