Luka Sucic gaztea fitxatu du Realak
Realak gaur baieztatu du hedabide batzuk aurreratu zutena. Hau da, Luka Sucic erdilari kroaziarra fitxatu du talde txuri-urdinak. Datozen bost urtetarako kontratua sinatu du, eta klubak 10 milioi euro ordaindu dizkio Austriako Salzburgo taldeari.
Atzo iluntzean iritsi zen Donostiara, eta mediku frogak gaindituta, gaur goizean egin dute ofizial haren fitxaketa. Denborarik galdu gabe, Realaren gaurko entrenamenduan parte hartuko du gainerako jokalariekin batera.
“Talentua eta etorkizuna”
Sucic Linzen (Austria) jaio zen 2002ko irailaren 8an. Beraz, aurki 22 urte beteko ditu. Jaiotzez austriarra izan arren, kroaziartzat du bere burua eta Kroaziako selekzioa hautatu zuen. Orain arteko kirol ibilbide guztia Alemaniako Salzburgo taldean egin du. Beheko maila guztietatik igaro ondoren, hemezortzi urterekin egin zuen debuta lehen taldearekin.
Austriako klubean egin dituen hiru denboralditan 128 partida jokatu ditu, hemezortzi gol sartu eta hemeretzi asistentzia eman. Kroaziako selekzioarekin, berriz, hamar partida jokatu ditu dagoeneko.
Realaren arabera, Sucic “talentua eta etorkizuna” duen jokalaria da. Zelai erdiari kalitate “gehiago” gehitzeko fitxatu dutela gaineratu dute.