Nuria Culla donostiarrak 'Hamaika gau' jazz kantua argitaratu du
Nuria Culla abeslari eta konpositore donostiarrak bere hurrengo diskoko Hamaika gau abestia aurkeztu du. Ekainean argitaratu zuen lehenengo singlearen moduan, maitasunari buruzko abestia da Hamaika gau. Kasu honetan, “maitasun malenkoniatsu eta pixka bat etsiaz” hitz egiten du. Hamaikako konpas batean melodia bat konposatzean oinarritzen zen eskolako ariketa batetik sortu zen abestia.
Abestiaren generoari dagokionez, jazz ukituak ditu, konpas aldaketak eta musika tresnen arteko erritmo jokoak. Nuria Cullaren ahotsak pianoa, baxua eta bateria ditu lagun. Josu Ervitiren Iruñeko estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dute abesti hau.
Hain zuzen diskoa argitaratzeko laguntz bila, Cullak crowdfunding kanpaina bat du martxan, Hamaika gau diskoa finantzatzeko, hain zuzen.
Cullak gitarra klasikoko Gradua ikasi zuen Donostiako kontserbatorioan, eta jazz kantuko Goi-mailako Gradua, berriz, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen. Gainera, nazioarteko hainbat abeslari ezagunen ikaslea izan da, hala nola Deborah Carter eta Viktorija Pilatovic artistena.