Olinpiar Jokoek baldintzatu arren, Donostiako Klasikoak partaidetza ona izango du
43. Donostiako Klasikoa abuztuaren 10ean jokatuko da, normalean baino beranduago. Gaur goizean egin dute lasterketaren aurkezpen ofiziala Donostiako Udaletxean, eta parte hartuko duten txirrindularien behin-behineko zerrenda iragarri dute. Hain zuzen ere, Parisko Olinpiar Jokoak nabarmen baldintzatu dute partaidetza eta data.
Horrela ere, ziklista esanguratsuak izango dira Zurriolako irteeran: Pello Bilbao iazko txapeldunordea, Julian Alaphillipe –2018ko irabazlea—, Primoz Roglic, Richard Carapaz, Mikel Landa —Frantziako Tourreko bosgarren sailkatua—, Neilson Powless —2021eko irabazlea—, Alex Aranburu, Oier Lazkano, Simon Yates, Ion eta Gorka Izagirre anaiak, eta Romain Bardet, besteak beste. Aldiz, Remco Evenepoel iazko irabazlea ez dago behin-behineko zerrendan. Tourrean hirugarren bukatu ostean, Olinpiar Jokoetan urrea irabazi zuen erlojuaren kontrako proban.
OCETA antolakuntzak aurreratu zuen moduan, ibilbideak bi aldaketa esanguratsu ditu: Murgiletik beharrean, Igeldora Pilotegitik igoko direla —%27rainoko maldak ditu Pilotegik— eta Zurriolan hasi eta bukatuko dela, Bulebarrean izan beharrean. “Aurten ibilbidea moldatu behar izan dugu, errepide batzuk egoera txarrean daudelako eta hainbat obra daudelako; baina bertsio berriarekin ikuskizuna bermatuta dago”, azaldu du Julian Eraso OCETAko presidenteak.
Eneko Goiak alkateak, berriz, dataren aldaketari egin dio erreferentzia aurkezpenean: “Momentu batez, 1980ko eta 1990eko hamarkadetara egingo dugu atzera. Orduan Klasikoa Aste Nagusia hasteko egunaren bezperan jokatzen zen, eta gure jai maitatuenetako baten pregoilari lanak egiten zituen. Urte haietan Klasiko handiak bizi izan genituen. Ziur nago aurten ere Klasikoa pregoilari bikaina izango dela, bizikletaren jai handia Frantziako Tourraren eta Olinpiar Jokoen ondoren, eta kirolak eta, zehazki, txirrindularitzak garrantzi handia izango duten asteari hasiera emango dio”.