Ancorak salatu du Casa Erviti lokaleko obrek ez dutela lizentziarik
Ehun urteko establezimenduko hutsuneen eta errotuluen jatorrizko konfigurazioa errespetatzeko eskatu du elkarteak.
Ancora elkarteak salatu du Erdialdean dagoen Casa Erviti lokaleko obrek ez dutela lizentziarik. Esan dutenez, gainera, ondarea babesteko hartutako konpromisoak urratu dituzte oraingo jabeek; besteak beste, babestutako fatxada urratu dute eta errotuluak kendu dituzte.
Ancorak adierazi duenez, esku hartzeko araubidea dela eta, “zorrotz” zaindu behar da zurezko estaldura guztia, “elementu iraunkorra” baita; HOEBPBan babestutako beheko solairuaren parte diren errotuluak eta habeen konfigurazioa, hain zuzen. Debekatuta dago horiek aldatzea.
Konpromisoa, urratuta
2021ean Askatasunaren Hiribidera lekualdatu behar izan zuten musika denda historia, eta betiko lokala izan dena, itxita egon da, orain arte. 2023an, lokalaren egitura indartzeko obrak hasi ziren, eta barrualdea suntsitu zuten. Aurtengo urtarrilean, Espainian 70 denda baino gehiago dituen lurrin denda kate ezagun baterako lokala egokitzeko proiektua aurkeztu zuten, eta uztailaren 15ean lortu zuten lizentzia. Kanpoko akaberak eta habeen konfigurazioa errespetatuko zutela esan zuten.
Azken egunotan, sustatzaileek hesi opako bat jarri dute inguru osoan, eta, horren bidez, udal baimenik ez duen sarbide baten irekiera ezkutatu nahi izan dute. Ia hiru metroko zabalerako atea jarri dute, eta fatxada babestua urratu, zati batzuk suntsitu eta jatorrizko errotuluak ere kendu dituzte. Duela hilabete batzuk, jarduera bera justifikatu nahi izan zuten, negozioaren irisgarritasun eta ebakuazio baldintzen hobekuntza esanguratsu gisa aurkeztuz, baina udalaren Jarduera Zerbitzuaren ezezkoa jaso zuten, higiezinaren babes araubidea urratzeagatik.
Ancorak eskatu du “bertan behera utz daitezela” egiten ari diren ezkutuko obrak, eta zehapen espediente bat ireki diezaietela, hirigintza araudian aurreikusitakoaren arabera, lokal historikoaren fatxadak 2014ko otsailaren 27an (HOEBPBa onartu zen egunean) zeuden egoerara itzultzera behartuz.