Goia kuartelen aferari buruz: «Ez naiz ausartzen data bat jartzera, baina espero dut lehenbailehen izatea»
Udalak eten egin du Loiolako kuartelen salerosketa hitzarmena, Kostaldeko zuzendaritzak ebatzi bitartean.
Aurreratu zuen moduan, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Loiolako kuartelen salerosketa egiteko Donostiako Udalaren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko hitzarmena aldi baterako etetea. Hitzarmena 2023ko abenduaren 18an sinatu zuten, eta abuztuaren 18an amaituko da lursailaren salerosketaren eskriturak sinatzeko epea.
Donostiako alkate Eneko Goiak honakoa esan du: “Hitzarmena aldi baterako eteteak ez du lursailen salerosketa baldintzatzen. Izan ere, salerosketa egiteko tramiteei berriro ekingo diegu, behin Kostaldeko zuzendaritzak mugatze lerroa hogei metrotan ezartzeko udalaren, Defentsa Ministerioaren eta Uraren Euskal Agentziaren alegazioak erantzuten dituenean”.
Goiak adierazi du “ulertezina” egiten zaiola Espainiako Gobernuaren baitan dauden bi erakundeen arteko kontraesana, eta Defentsa Ministerioari bere ezinegona adierazi dio. Egoera Kostaldeko zuzendaritzaren erantzuna “lehenbailehen” edukitzea espero duen arren, alkateak onartu du “ez dela ausartzen data bat jartzera”.
Talde ultraeskuindar baten helegitea
Halaber, eteteak indarrean jarraituko du Asociacion por la Reconciliacion y la Verdad Historica elkarte ultraeskuindarrak hitzarmenaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoaren edukia jakin arte. Behin bi gai horiek argituta, Donostiako Udalak hilabeteko epea izango du 2023ko abenduaren 18ko hitzarmena sinatu zuen beste aldeari, salerosketarekin jarraitu nahi duen ala ez adierazteko.
Goiak bere haserrea erakutsi du gisa honetako helegiteen inguruan: “Epaitegiak erabiltzen dira proiektuak zapuzteko. Espainian legeak bonbardatzeko erabiltzen dira, eta Donostian ere berdina gertatzen ari da”. Aipatu mugimendu ultraeskuindarrez gain, Ancora elkartearen jarrera ere erabili du adibide gisara.