Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Loiolako Kuartelen salerosketa
Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa gauzatzeko epe muga. Kosta Zerbitzuak oraindik ez die baimenik eman, baina bestelako arazo baten berri eman du gaur El Diario Vasco-k: talde ultraeskuindar baten errekurtsoa.
Espainiako Auzitegi Nazionalean salerosketa hitzarmenaren aurka aurkeztutako inpugnazioa da. Oraingoz ezagutzen den gauza bakarra da Adiskidetzearen eta Egia Historikoaren aldeko Elkarteak aurkeztu duela (Asociación por la Reconciliación y la Verdad Histórica). Talde ultraeskuindar horrek Memoria Historikoaren Lege “kaltegarri eta errebantxistatik” eratorritako edozein erabaki geldiaraztea eta “doktrina-erasoen aurrean Espainiako ondare historikoa” defendatzea du helburu, bere webgunean adierazten duenez.
Joan den astean etetea
Gogora dezagun Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak ehun metroko gutxieneko muga ezarri zuela kuartelen eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen eta Urumea ibaiaren artean. Udalak, ordea, muga hori hogei metrokoa izatea nahi du, eta, horregatik, alegazioak aurkeztu zizkion Kostaldeko zuzendaritzari. Ordutik denbora pasatu da, eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Horregatik, hitzarmena aldi baterako eteteko eskaera onartuko dute gaur, abuztuaren 6ko, Tokiko Gobernu Batzordean.
Hirigintza Sailaren arabera, eskaeraren helburua da eskriturak sinatzeko epemuga saihestea. Izan ere, hitzarmena iraungiko balitz berriz ere izapidetu beharko litzateke salerosketaren prozesua, eta horrek asko atzeratuko luke dena.
73,3 milioi
Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak 2022ko azaroan adostu zutela kuartelen salerosketa akordioa eta handik urtebetera itxi zutela salerosketa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.