Donostiaren beroa jaso dute Etxanizek, Chourrautek eta Lazkanok

Pau Etxaniz, Maialen Chorraut eta Miren Lazkano, Parisko Joko Olinpikoetako piraguista donostiarrak, etxean dira jada, Donostiako Atletiko Klubean harrera beroa jasota. Paristik brontzezko domina ekarri du Etxaniz gazteak, K-1 slalom diziplinan lehen aldiz sailkatuta. Chorrautek hiru domina dituen arren, oraingoan bat bera gabe geratu da, eta halaxe ere, Lazkano. Edonola ere, berdin jaso dute hiruek zalegoaren maitasuna. Ekitaldiaren aurretik, domina irabazi duen palistak, agerraldia egin du hedabideen aurrean, Londres hotelean.
Hitz egiten lehena beteranoena izan da, bost Joko Olinpikotan egon den Chourraut: “Ikaragarria izan da taldea jende honekin partekatzea. Egun osoa elkarrekin eman dugu eta pribilegioa izan da. Amets batekin joan nintzen Parisera, eta gauzak ongi joan ez bazaizkit ere, oso harro nago Pauez, oso zaila da egin duena egitea. Miren eta Aritz inspirazio iturri izan dira niretzat, beldurrak atzean utziz eta aurrera jarraituz. Final batera iristea, Mirenek egin duen bezala, oso zaila da. Xabiri ere eskerrak, ez da erraza zure emaztea eta semea entrenatzea (barreak). Nire aldetik, errusiar mendi bat izan da, Igeldo ematen zuen. Nire lehia desastrea izan zen. Garrantzitsuena bidea da, inguruan dugun jendea. Nire bihotza jota geratu da Joko hauen ostean, eskerrak Pauek domina irabazi duen. Urte asko dira, motibazio handia izan dut beti, eta orain behean nago. Baina ilusio hori itzuliko da”.
Ondoren, Lazkanoren txanda izan da: “Ni ez naiz Maialen bezain adierazkorra. Ametsa izan da Jokoetan egotea. Oso goian eta oso behean egon naiz egun askotan, egun gutxi barru oso harro egongo naiz bideaz. Hiru hilabete zoragarri igaro ditugu. Espero dut hurrengoan berriro hemen egotea eta domina bat ekartzea. Hasi nintzenean ez nekien noraino irits nintekeen, eta oso pozik nago “.
Hirugarren eta azkena izan da denetan txalotuena, Pau Etxaniz: “Maialenek esan du egin dudana oso zaila dela, baina berak hiru aldiz egin du. Oraindik bide luzea daukat “.