EH Bilduk «eraso xenofoboak» salatu ditu eta adierazpen instituzional bat aurkeztu du
EH Bilduren udal taldeak atzo Alderdi Ederren elkartu ziren eragileekin bat egin eta Donostian areagotzen ari diren “jarrera arrazista, klasista eta faxistak” gaitzetsi ditu. Honela, “arazoari irtenbide integral” bat emateko deia egin du, ohar batean jaso duenez.
Ondokoa adierazi du koalizioak: “Segurtasunaren adiera osoa aldarrikatzen dugu, hori soilik esku-hartze polizialaz lantzen duen posizioaren aurrean”. Argitu dutenez, EH Bilduk hainbat proposamen egin dizkio azkenaldian Udal Gobernuari “segurtasun falta eta migrazioa lotzen dituzten posturak mozteko eta guztiontzat segurua izango den hiria sustatzeko”. Salatu dutenez, ordea, udal gobernuak ez ditu kontuan hartu. “Gaiak eskatzen duen irmotasunarengatik” adierazpen instituzional bat proposatu dute gaur, Udaleko Bozeramaile Batzordean eztabaidatzeko.
Atzoko agerraldian, azken hilabeteetan “hiriko pertsona arrazializatuak eta, bereziki, bazterkeria egoeran, zein etxerik gabe dauden pertsonen aurkako biolentzia eta kriminalizazioa” areagotzen ari dela salatu zuten. Gehitu dutenez, arlo sozialean pertsona horiekin lan egiten duten profesional zein eragileek mehatxuak eta presioak jaso dituzte, haien lana eta funtzio soziala betetzeagatik.
Honekin batera, “segurtasunaren kontzeptu zehatz bat erabiliz”, pobrezia edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpena justifikatzen dela eta egungo ezegonkortasun sozialaren arrazoiak albo batera uzten direla uste du EH Bilduk: baliabide publikoen murrizketak, etxebizitzaren garestitzea eta Atzerritarren legearen mugak aipatu dituzte.
Segurtasuna kezka
EH Bilduk “argi du” segurtasuna herritarren kezka dela, eta herritar orok segurtasunez bizitzeko eskubidea eta bermeak behar dituela aldarrikatu dute. Edonola “segurtasunaren adiera integral” bat beharrezkoa dela uste du koalizioak: “Segurtasuna ongizate fisiko eta emozional oinarrizkoaren parametroetan ulertzen dugu, horrek berarekin dakartzan gutxieneko eskubide eta betebeharrekin. Horrela, segurtasunaren bandera diskurtso xenofobo eta eskuindarretan altxatzen den honetan, segurtasun integralaren aldarrikapena egiten dugu guk: gure auzoetan segurtasunez biziko gara, pertsona orok bertan gutxieneko ongizate kuotetan bizitzeko aukera badu”.
Zentzu horretan, “segurtasuna soilik esku-hartze polizialaz eta ikuspegi zigortzailez lantzen duen posizioaren aurrean, pertsona orok bere bizi proiektua garat zeko dituen bermeez ari gara segurtasunaz ari garenean”. Honakoak aipatu dituzte: etxebizitzara sarbidea izateko eskubidea, osasunerako eta hezkuntzarako eskubidea, zaintzeko eskubidea, baita kalean lasai egoteko eskubidea ere.
Bide horretan, segurtasunaren eta beldurraren diskurtsoak egoera zaurgarrienean bizi diren horien “kriminalizazioa areagotzea” arbuiatu dute eta uste dute erakunde publikoei dagokiela “segurtasun falta eta migrazioa lotzen dituzten posturak moztea eta guztiontzat segurua izango den hiria sustatzea”.
“Zaintza komunitarioa”
EH Bilduk segurtasunaren hirugarren alderdi bat lantzea beharrezkoa dela uste du: “zaintza komunitarioa”. Zentzu horretan, “babes osoa” adierazi diete lan komunitario hori egiten ari diren SOS Arrakazakeria, Hiritarren Harrera Sarea edo Kaleko Afari Solidarioak bezalako ekimenetan ari diren langile eta donostiarrei.
Oharrean aditzera ematen duenez hainbat bilera eta proposamen egin dizkiote udal gobernuari, baina ez omen direnez aurrea joan, adierazpen instituzionala proposatu dute. Talde politiko guztien adostasuna lortzea espero du EH Bilduk: “Donostian gertatu diren ekintza xenofoboen aurkako arbuioa irmoki erakustea, gizarte inklusiboa, aniztasunari errespetua eta kulturartekotasuna sustatzea; jarrera eta diskurtso xenofobo eta arrazistak ekiditea etorkin eta errefuxiatuekiko aurreiritzi eta estereotipoak hautsiz eta kulturarteko begirada oinarri izango duten politika publikoak garatzea”.