Glad Is The Day jaialdiak parkeko bizitza suntsitzen duela salatu du Parkean Bizirikek
Parkean Bizirik elkarteak joan den igandean ospatu zen Glad Is The Day jaialdia kritikatu du, parkeko faunan duen eragin kaltegarriagatik. Haien esanetan jendetzak Egiako parkea “inbaditu eta masifikatu” zuen, eta horrek kaltea eragin zuen bertan bizi diren 110 fauna espezie ornodunengan.
“Muturreko kutsadura akustikoak basafauna ikaratu” egiten duela salatu dute. Anfibio, hegazti eta ugaztunen komunikazio akustiko guztiak baliogabetu egin direla eta hegazti “askok eta askok” parketik alde egin behar izan dutela salatu dute.
Bestetik, salatu dute Keler Garagardo markak karpak, kanilak eta upelak jarri dituen lekuan horma-sugandila (Podarcis Muralis) populazio urri bat bizi dela. Azkenik, zozoek eta birigarroek xixareak harrapatzen dituzten lekuan 50 postu dituen azoka jarri dutela salatu dute.
18:45ean, naturzaleek parkearen beheko aldean 3.513 pertsona zenbatu zituzten. Donostia Kulturak 25.000 lagun zenbatu zituen, egun osoan zehar.