Greban jarraituko dute Cementos Rezolako langileek, zuzendaritzaren azken erabakiaren aurrean
Enpresako zuzendaritzak asteartean, abuztuak 6, jakinarazi zuen mahai gainean dagoen EREari buruzko bere azken erabakia, eta 56 langileen kaleratzearekin aurrera jarraituko zuela adierazi zuen. Horren aurrean, langileek batzarra egin dute gaur eta, aho batez, greban jarraitzea erabaki dute.
Adierazi dutenez, “Akordio baterako baldintza izan da hasiera-hasieratik kaleratze traumatikorik ez egotea, eta ez da horrela izan”. Gaineratu dute ez dela bermatu irteerak borondatezkoak izan zitezen, eta, horrez gain, enpresak langile jakin batzuk baldintza okerragoetan kaleratu nahi dituela.
LABek esan duenez, “argi” du kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela eta, zentzu horretan, “borrokan jarraituko” duela, “lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan”.
Langileei elkarrizketa egin zien Beñat Parra kazetariak duela aste gutxi, gatazka azaltzen.