«Aste Nagusian ere, kalean daudenei afariak ematen jarraitzen dugu; Donostian gosea pasatzen da eta»
Aurtengo Aste Nagusi Pirataren txupina bota dute Kaleko Afari Solidario egitasmoko kideek. Azkenaldian jasaten ari diren "kriminalizazio" eta "jazarpenari" elkartasunez erantzuteko aprobetxatuko dute bozgorailua.
Urtero, Donostiako Piratek omentzen duten kolektiboa ordezkatzen du Mattik. Aurten, Kaleko Afari Solidarioak izango dira omenduak. Pozik zaudete?
Oso pozik gaude, egiten ari garen lanaren errekonozimendua baita eta egiten dugun lan gogorra ikustarazteko bide bat da. Gainera, aukera bat da salatzeko hiri honetan erabateko bazterkeria egoeran bizi den jende asko dagoela. Geure mezua zabaltzeaz gain, gustatuko litzaiguke jende gehiago antolatzea. Kale egoeran daudenen errealitatea ezagutzeko balio du, eta oso aberasgarria da hau, ezezagutza horiek gainditzeko balio du eta harreman oso politak lortzen dira.
Lau urte egin ditu KASek gauero-gauero afariak ematen. Azalduko diguzu zuen jarduna zertan den?
Hiru auzotan ematen ditugu afariak egunero [Egia, Amara Berri eta Parte Zaharra], eta auzo bakoitza antolatzen da bere moduan. Gauero plater bero bat eskaintzen diogu kale egoeran bizitzen ari direnei pertsonei. Etxeetan edo elkarteetan kozinatzen da, eta gero tupper edo poltsak prestatzen dira banaketa puntuetan banatzeko. Boluntario sare izugarriak hartzen du parte bertan.
Geure jarduna ez da inoiz eteten; Aste Nagusian ere jarraitzen dugu kalean daudenei afaria ematen. Harriagarria da, baina Donostian gosea pasatzen da.
Zein da Donostiako egoera?
300 pertsona baino gehiago daude kalean. Uda guztietan pasatzen den moduan, kopurua apur bat altuagoa da orain. Gainera Frantziatik migratzaile asko bota dituzte, ilegalki, Parisko Joku Olinpiarren aitzakian. Hiriko hainbat tokitan daude pilatuta, bizi baldintza tamalgarrietan, eta hala nola bizirauten. Gizartearen erantzuna askotan oso arrazista da, eta izugarria da pertsona hauek jasan behar izaten duten bazterkeria.
Erantzuna ari da antolatzen. Joan den astean ia 40 eragilek egin zenuten bat.
Pertsonalki oso pozik nago. Aterkia zabaltzen ari da eta orain jada ez gara soilik KAS eta Harrera Sarea informazioa zabaltzen ari direnak; jendea antolatzen ari da eta kolektibo gehiago ari dira sortzen, tematika konplexu honi konponbideak bilatuz, eta elkartasuna saretuz.
Jazarpena salatu izan dezue.
KAS sortu zenetik udalarekin harremanetan egon gara, baina jasotzen ditugun erantzunak beti dira ezezkoak. Sareetan jazarpenak jasaten ari gara, geure arpegiak zabaltzen dituzte hainbat talde faxistetan, geure lana kriminalizatzen ari dira. Udalak, ordea, ez gaitu babesten. Poliziak ere grabatu egiten gaitu, eta hori kezkagarria da. Piraten errekonozimendu honek lagundu egiten du kriminalizazioa gainditzen.