Rukula beti da aukera ona
Aste Nagusiko kontzertuak Saguesen, Flamenkan ala Kursaalen? Tira, askorentzat alternatiba hobe bat bada: Trinitate plaza. Atzo, zer esanik ez. Iazko arantzatxoa kenduta, Rukulakoek euren funk-rock entsalada basatiaren erakustaldia egin zuten, erabat entregatuta zegoen zalegoaren aurrean.
Iaz bertan behera utzi zuten kontzertua, euriteak zirela eta. Aurten, karpa bat jarri dute hori ekiditeko. Emaitza? Euririk ez badu egiten, 40 gradutik gora egingo ditu. Bero sapa jasan zuten zaleek, eta ongi jasan ere. Donostian gutxi eta gaizki dantzatzen dela gauza jakina da. Eta behin aldakak mugitzen jarrita, nola ez eman dena?
Pozik agertu ziren taldekidea, plaza honetan bertan eman duten enegarren kontzertuaren aurrean. Ez da ideia txarra urteroko egitarauan txertatzea. Zaleak, ziur, ados daudela.
Aste honetako trinitate plazako kontzertuak: gaur, igandea, Dultze Meneo DJa, astelehenean Andoni Oilokiegiren kontzertua, asteartean Pezon eta Azkura DJak, asteazkenean La Jodedera, ostegunean Rüdiger eta Vincent Bestaven, ostiralean Eraul eta larunbatean Sara Socas.
Joseba Parronen argazkiak: