«Lana eginez gero, jendea oso prest dago agertzeko eta parte hartzeko»
Hamargarren urteurrena dute Groseko Ubarroiak kofradiakoek, eta gaur ospatu dute haien eguna.
Ubarroien eguna duzue gaurkoan…
Ez, ez. Gaurkoa Gros Pirata eguna da. Hasieran Ubarroien eguna zen, baina laster konturatu ginen auzoko gainontzeko eragileak kontuan hartu behar genituela, eta elkarrekin hasi ginen antolatzen.
Nola antolatzen duzue eguna?
Denon artean, auzoko tabernariekin kontatzen dugu, bazkaria Mariaren Bihotzako danborradakoek egiten dute. Ez da Ubarroientzat soilik, auzo osoarentzat baizik.
Eskandalosa Kofradiakoak zeuden lehenago auzoan.
Bai, tamalez kofradia hori desagertu egin da. Zorionez, ex-kandaloso asko daude hemendik gaurkoan!
Hamar urte bete dituzue aurten, zorionak!
Aurten jende berri asko animatu da kofradiara eta poztekoa da. Hamargarren urteurren hau aprobetxatu nahi izan dugu beteranoei omenalditxo bat egiteko, eta beraiekin kontatzen saiatu gara, historiari begirada egin eta ospatzeko egindako ibilbidea.
Hamar urteren ostean, osasuntsu dago.
Gainontzeko kofradiekin gertatu zen moduan, pandemiaren ostean urte larri bat egon zen. Urte betez festak ez egiteak uste baino eragin handiagoa izan zuen jendearen saretzean. Lagun mordoa gara hemen, baina urtebetez ezer antolatu gabe, eta dena galdu daiteke. Konturatu ginen espabilatzen ez baginen hori gertatuko zela, eta esfortzua egin behar dugu urtero. Behin lana eginda, jendea oso prest dago agertzeko eta parte hartzeko.
Nola lortzen duzue jendearengana iristea?
Neurri handi batean Groseko Zipotz jaietan. Ubarroiak saiatzen gara ahalik eta leku gehienetan egoten: txandetan, sagardo dastaketa antolatzen… eta hor harremanak sortzen dira. Momentu ona da jendeari erakusteko Grosen badagoela kofradia.
Zenbat lagunek osatzen duzue kofradia?
Batzuk soilik elektrotxarangara datoz, eta hori primeran dago, beste batzuk haurrak dituzte, eta Abordatze Txikian hartzen dute parte. Denek dute euren tokitxoa. Urte osoan, 15-20 lagun gara, baina gaur ikusi zenbat garen.