Juan Luis Goenaga margolari donostiarra zendu da
Juan Luis Goenaga margolari donostiarra astearte honetan hil da Madrilen, gaixotasun baten ondorioz, 74 urte zituela. Bertan bizi zen azken urteetan, minbiziari aurre egiteko. Bere alaba Barbara Goenagak sareetan zabaldu duenez, azken unera arte saiatu ziren bizitza zukutzen.
1950ean jaio zen Donostian, eta bere kabuz hasi zen margotzen eta marrazten, Europan barrena bidaiatuz eta 1970eko hamarkadan sortutako korronte artistikoekin harreman zuzenean sartuz. Gipuzkoara itzuli zenean, Alkizako baserri batera joan zen bizitzera eta lan egitera. Artista bakarti, isil eta bohemioaren fama ondo irabazi zuen bertan.
Bertan egindako lehen lanak euskal historiari eta kulturari oso lotuak egon ziren. Hasieran, San Telmo museoan eta Euskal Herriko hainbat galeriatan erakutsi zituen bere lanak. Garai hartan, Gaur taldeko hainbat artistarekin ere harremanak izan zituen, hala nola Jose Luis Zumeta eta Rafael Ruiz Balerdirekin, eta hainbat errekonozimendu jaso zituen, besteak beste, Euskal Pinturaren Sari Nagusia.
Ahul zegoen arren, duela bi urte Ekain arte galerian erakusketa egin zuen, eta berarekin egoteko aukera izan zuen IRUTXULOKO HITZA-k.