Palestinaren aldeko mobilizazio jendetsua, Aste Nagusia ixteko
2.000 lagun inguru batu dira gaur Palestinar herriari babesa adierazi eta Israelen eta “Mendebaldeko konplizeen” jokabidea salatzeko. Palestinarekin plataformaren deialdiari jarraituz, bulebarretik abiatu da Parte Zaharrean barrena “Israel boikot, Palestina askatu”, “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile” eta “Ez da gerra, genozidioa da” oihu artean.
Manifestazio bukaeran irakurri duten oharrean nabarmendu dute urriaren 7tik aurrera Israel eramaten ari den sarraskiaz gain, 76 urte baino gehiago daramatzan palestinarren kontrako “kolonizazio, okupazio, apartheid eta garbiketa etnikoa” ekarri dute gogora: “Arazoaren ondorioei ez ezik, arazoaren kausei ere arreta jarri behar diegu, genozidioaren erantzuleei eta euren konplizeei aurrez aurre begiratuz. Palestinaren aldeko borroka Israelen eta bere konplizeen aurkako borroka ere bihurtu behar dugu”.
Borroka horretan, bi egiteko nabarmendu dituzte: “Palestinar herriari eta bere erresistentziarako eskubideari babes osoa” adieraztea, “ekidistantziarik gabe”. Eta, bestetik Israelen “kolaboratzaile eta konplizeak seinalatu eta borrokatzea”. Tartean aipatu dituzte CAF, M. Torres eta Carrefour bezalako enpresak eta Espainiako eta Frantziako Gobernuak.
Aipagai izan dituzte ere Donostian azken asteetan jazotako hiru gertaera: Lehenik eta behin, Donostiako Klasika bizikleta lasterketan, Israelgo taldeak parte hartu izana. Bigarrenik, Marruma Tabernan Palestinaren aldeko kartel bat indarrez kendu eta bertako langileari oldartu zitzaion sionistaren kasua. Eta, hirugarrenik, gure kaleetan Palestinaren alde zein Israelen aurkako jarritako kartelen eta pankarten kentzea.
Manifestazioaren amaieran borrokarako deia egin dute: “Palestinarren erresistentzia mundu osoko zapalduontzat eredugarri izaten ari den honetan, guk ere biderkatu dezagun sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka”.