Irrikitaldiak ez du sekulan hutsik egiten
Aste Nagusiak bederatzi egun ditu Donostiako Piratentzat. Gainontzekoek atsedena hartzeko aprobetxatzen dutenean, piratek sekulakoa egiten dute Parte Zaharrean. Inolako txanda eta ardurarik gabe, ahalik eta hoberen pasatuz.
Irrikitaldiak ez du inoiz huts egiten. Belle époque-a gogoratuz, hiriko jauntxo, burges, eta mota guztietako jendilajeen azalean jartzen dira Piratak. Denetariko mozorro, txantxa eta barrabaskeriaz betetzen dira kaleak, ironia, sarkasmo eta txantxekin. Eta kritika politiko nahikotxorekin.
Urteroko legez, alkatea da kaltetuena antzerkian. Berak gidatzen ditu hiriaren arazo eta soluzio guztiak. Beti ere hiriko jauntxoen mesedetan. Aurtengoan, EAJren babes galera, Loiolako Kuartelak eta Parte Zaharreko gaztetxe falta izan dira antzerkiaren parte. Eta, noski, zezenak. Jende gutxi joaten dela zezenketak ikustera, eta horren ordez, turista bat toreatzeko gomendatu zion alkateak toreroari.
Munillak ez zuen hutsik egin, Piraten “libertinajea” eta bekatuak salatuz: “Lesbianak, homosexualak, bisexualak, transexualak eta Piratak… denak kanpora eta punto pelota“.
Bonus track-a Plaza Berrian iritsi zen, Donostia Arraun Lagunakeko neskak, liga irabazi berritan, Piratekin elkartu zirenean. Hamabost banderatik hamabost irabazita, historiako denboraldirik onena egin dute donostiarrek, eta hori, kalean ospatzea baino hoberik ez dago.
Honenbestez, orain bai, amaitu da Aste Nagusia eta amaitu dira jaiak. Astelehen luzea izango du pirata batek baino gehiagok: “Atzo atxurra eta gaur rastrillo“.