Francoren kontrako atentaturik handiena antolatu zuen CNTk ETAren laguntzaz 1962an
Gaurko egunez, 1962an, huts egin zuen Francisco Franco diktadorea hiltzeko prestatutako atentatuak. CNTk prestatu zuen ekintza, eta ETAk erraztu zizkion lehergailuak. Diktadoreak uda Aieteko jauregian pasatzen zuela aprobetxatuta antolatu zuten ekintza, baina, Francok bere planak aldatu eta uste baino beranduago joan zen Donostiara. Horregatik, beste inork kalterik har ez zezan, lehergailua zartatu zuten anarkistek.
Antoni Batista kazetari eta idazleak jaso zuen magnizidio saiakera, Matar a Franco liburuan (Debate, 2015). Francok jasan zituen atentatu guztien artean, Donostiakoa izan zen garrantzitsuena eta arrakastarako aukera handiena izan zuena: “Hura izan zen operatibo logistiko onena izan zuena, eta ados jarri ziren CNT eta ETA, garaiko bi erakunde armatu indartsuenak”. ETAk Carrero Blanco atentatuan erabili zuen lehergailu kopuru bera jarri zuten Francoren autoa igaro behar zuen lekuaren ondoan.
Batistak azaltzen duenez, “urrutiko agintea kilometro bat baino gutxiagora zegoen eta ikusmira bikaina zuen, baina Francok jakin zuen —nire hipotesia CNTko txibato bat da, oso ondo kokatuta zegoena— eta data aldatu zuen. Donostian euri asko egiten duenez, lehergailuak busti egin ziren eta lehergailuak eztanda txikiagoa izan zuen, gutxienez estatuburua zaurgarria zela frogatzeko balio izan zuena”.
Batistak gehitu zuenez, “1962ko atentatuak arrakasta izan balu, trantsizioa hamar urte baino gehiago aurreratuko zen eta desberdina izango zen”.
Jordi Conill Vall, Bonet kamarada, Bartzelonako anarkista izan zen ekintzaren burua, eta ekintzaren ostean atxilotua eta torturatua izan zen hilabete oso batez. Heriotzara kondenatu zuten baina Montini kardinalak, Italiako Gotzainen Batzarreko presidenteak, esku hartzeagatik biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hamaika urte inguru eman zituen kartzelan.
Ez da Donostian Francok jasan zuen lehen atentatu saiakera. 1948aren irailaren 12an, estropadak ospatzen ari zirela, CNTk gidatutako gerra hegazkin zahar batekin diktadorea hiltzen saiatu ziren, ordea, Espainiako militarrek hegazkina desbideratzea lortu zuten. Jon Gartziak jaso zuen gertakaria Atzera Begira atalean.