Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Donostian, gama altuko mugikorrak lapurtzeagatik
Ertzaintzak jakinarazi duenez, hiru pertsona atxilotu ditu Donostian, horietako bat telefono mugikorrak lapurtzea egotzita, eta gainerako biak, lapurtutako mugikor horiek gordetzeagatik. Egindako ikerketen arabera, harrapatutako mugikorrak gama altukoak ziren gehienak, eta aurten Donostialdean eta inguruetan lapurtu dituzte.
Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, gora egin du aurten Donostialdean eta inguruetan gama altuko telefono mugikorrak lapurtzeagatik jarritako salaketen kopuruak. Itxuraz, geolokalizazioetako kokaleku antzekoa azaltzen zutenez gero, maiatzetik ikerketa berezi bat abiatu zuen Ertzaintzak, joan den asteazkenean atxiloketa horiek burutzeko.
Atxilotuetako batek 25 urte ditu eta beste biek 38. Lehenengoa litzateke lapurtzen zituena, eta beste biek gorde eta banatu. Atxilotzeko unean 40 mugikor zituzten etxean, baina 600 gailu baino gehiago ebatsi dituztelakoan dago Polizia, sare antolatu baten parte direla ondorioztatuta.