Elkarretaratzea egingo dute Txomiñeneko eraso matxistaren kontra
Donostiako Asanblada Feministak elkarretaratzea antolatu du gaurko, hilaren 21, 18:00etan bulebarrean, asteburuko eraso matxista salatzeko. Jakina denez, ertzain bat atxilotu zuten joan den astean, haren emaztea labanaz erasotzeagatik, bi alaben aurrean. Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak gogor salatu du gertakaria eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.
Kasuak hautsak harrotu ditu epaileek ez diotelako eraso matxista leporatu ertzainari, eta urruntze agindua besterik ez diotelako ezarri. Arrazoia? Ertzain honek sexu aldaketa legala egin zuela iaz, eta orain, emakumea dela juridikoki. Talde feministek, zein EH Bilduk, “irmoki” salatu dute lege iruzur bat egiten ari dela ertzaina, “gizon gisa sozializatzen delako”. Fiskaltza ere ikertzen ari da ea lege iruzurrik ba ote den. Izan ere, sexu aldaketa egin aurretik jada bazituen hainbat salaketa, eta, kasu horretan, egoera juridiko berriak legearen aurrean babesteko balioko luke.
Eraso horrez gain, asteburuan sexu erasoak egiteagatik beste gizon bat atxilotu zuten Donostian, eta kasu hori ere ekarriko dute elkarretaratzera.