Iria G. Parente eta Selene M. Pascual idazleak LUMAfest jaialdian egongo dira, aurten ere
Gipuzkoako diputazioak LUMAfest-a berreskuratuko du aurten, hirugarren urtez. Gazte literatura eta gazteen sormena dira jaialdiaren ardatzak, eta irailaren 12tik 14ra bitarte egingo dute, Koldo Mitxelena Kulturunean, Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan. Goizane Alvarez kultura diputatuaren hitzetan, LUMAfesten helburua gazte literaturaren promozioa eta zabalkuntza dira, eta programa zabala prestatu dute, “hitza, idazketa eta irakurketa gazteen artean sustatzeko”.
Beste behin, Iria G. Parente eta Selene M. Pascual idazleak jaialdiaren parte izango dira. Gazte literatura andana idatzi dute beraiek, eta beren istorioetan genero eta pertsonai berriak exploratzen dituzte, baita aniztasuna edo LGTBIQ+ eskubideak ere. Beren liburuak hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte, eta jaialdiaren edizio honetan El eco del destino trilogiaren lehen alea aurkeztuko dute. Beraiek izan ziren Espainia mailan 2020ko jaialdia inauguratu zuten idazleak, eta arrakasta itzela izan zuen, pandemia egoera bizi arren.
Mikroipuin lehiaketa, bueltan
Bueltan da, aurten ere, jaialdiaren parte den mikroipuinen lehiaketa, eta irailaren 3ra bitarte dago parte hartzeko aukera. Literatura arloan gazteriaren parte hatzea sustatzea da lehiaketaren helburua, literaturarekiko eta sormenezko idazketarekiko interesa piztuz. 14 eta 21 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta.
Lehiaketara aurkezten diren lanak berriak izan behar dira, argitaratu gabekoak; “ahotsa entzun” esamoldea erabili eta 240 karaktere izan behar dituzte, gehienez, espazioak barne. Euskarazko zein gaztelaniazko lanak aurkeztu daitezke, hizkuntza bakoitzeko sail bat edukiko baitu lehiaketak. Lanaren aurkezpena egiteko Instagramen edo X-en post bat argitaratu behar da #lumafestibalamikros traola ipiniz eta @lumafestibala aipatuz. Traolaren eraginez testua luzeegia bada, mezuari erantzun ahal izango zaio X sare sozialean, testuarekin jarraitzeko.
Behin lanak aurkeztuta, jaialdiaren antolakuntzak finalistak aukeratuko ditu eta jaialdira gonbidatutako idazleekin batera erabakiko dituzte irabazleak. Irailaren 12an argitaratuko dute gaztelaniazko saileko irabazlea, eta irailaren 13an euskarazko sailekoa.